Kalitatezko osasun publiko bat aldarrikatu dute
Zumarragako ospitalean eta herrietako osasun zentroetan egin dituzte elkarretaratzeak, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta UGT sindikatuek deituta. Irtenbideak eskatu dizkiote Osasun Sailari eta bien bitartean, bi greba egun eta manifestazioak iragarri dituzte.
Mobilizazio eguna izan dute gaur osasun publikoko langileek. Elkarretaratzeak egin dituzte ospitaletako eta herrietako osasun zentroetako atarietan, osasun publikoa osatzen duten duten bi zerbitzu horietan bizitzen ari diren egoera salatzeko eta gizarteratzeko helburuarekin, baita kalitatezko osasun publiko bat eskatzeko ere, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Osasun Sailari eskatu diote, Osakidetza indartzeko urratsak eman ditzala. Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Hala, bi greba egun deitu dituzte: Otsailaren 25erako, ostirala, lehen arretan; eta, otsailaren 28rako, astelehena, Osakidetzako esparru guztietan. Gainera, manifestaziok ere deitu dituzte otsailaren 26rako, larunbata, hiru hiriburuetan. Aurrerantzean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.
“Gure osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren aurrean, langileen eta herritarren gogaitasunaren isla dira mobilizazio hauek. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa berriak abiarazi ditu”, adierazi dute bost sindikatuek.
Lehen Mailako Arreta “desegiteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen” duela salatu dute gaurko mobilizazioetan. Adibide gisara, Zumarragako osasun zentroan gertatutakoa.
COVID-19ak zerbitzu honetan lan egiten duten langileek bizi zuten egoera “larriagotu” duela ere esan dute: “Osakidetzak COVID-19aren pandemiarekin estaltzen jarraitzen du, zerbitzu horren egiturazko defizita, eta premiazkoa da hori berregitea”.
Langileen egunerokoa bakarrik ez, lehen arretara jotzen duten herritarrei ematen zaien arreta “okertu” egin dela ere garbi dute, eta hori, “murrizketek eta interes politikorik ezak eragin” duela. Horrek guztiak albo-kalteak izan dituela langileengan, “muga-mugan” ari direlako lanean. “Ez dago baliabide nahikorik, ez dago errefortzurik, eta inoiz ez da iristen kanpoan dauden langileen ordezkapenik”, salatu dute bost sindikatuek, eta oso haserre dauzka, irtenbideak bilatzen baino “profesionalen ondoeza isilarazteko, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotu diren langileez abusatzeko, eta herritarrei gure lehen mailako arretaren narriadura larria ezkutatzeko egiten dutelako ahalegin gehien”. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek kexu dira, “ez delako langileak egiten ari diren ahalegina aitortzen, ezta haien eskubideak errespetatzen, are gutxiago kontziliazioari eragiten diotenak”.
Ospitaleetako egoera ere “oso larria” dela diote sindikatuek: “Lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza-ikuspegirik eza eta baliabiderik eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster”.
Osasun Sailburuaren hitzak “soberan”
Bost sindikatuek, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak egindako adierazpen batzuk ekarri nahi izan dituzte gogora. Sailburuak, bere adierazpenetan adierazi zuen, “pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago profesional nahikorik”.
Sindikatuek ezin dute sinistu Sagarduik esandakoa: “Zenbait kategoriatako langileak kontratatzeko zailtasunak erabaki politiko desegokien ondorio dira. Azken urteotan, 50 urteko batez besteko plantillaren belaunaldi-erreleboa planifikatu gabe egon da, sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari baitira; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ezartzen dion tratu txar sistematikoa dago”.
Eskaerak
Gauzak horrela, ondorengo aldarrikatzen dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek: Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023 ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz; plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko; 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz; Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne; EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea; Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea; Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak; Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera; eta plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.