Sukaldaritza tailerrak antolatu dituzte, bizikidetza sustatzeko
Bi urteko etenaren ondoren, SukaldAnitzak tailerrak antolatu ditu, atzera ere, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak.
Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak SukaldAnitzak sukaldaritza tailerrak antolatu ditu bizikidetza sustatzeko. Azken bi urteetan ezin izan da egin, pandemia dela eta.
Hasteko, Euskal Herriko sukaldaritzari buruzko hiru tailer egingo dituzte. Ondoren, gainontzeko herrialdeetako sukaldaritza ezagutuko dute, beste hiru tailerretan. Tailer guztiak herriko boluntarioek emango dituzte, Urretxuko elkarte gastronomikoetan.
Udalak Goierri kirol elkartean emango diren Euskal Herriko sukaldaritzari buruzko tailerretan izena emateko epea ireki du. Tailer hauek otsailaren 26an eta martxoaren 12an eta 26an izango dira, 11:00etatik 14:30era.
Parte hartzaileak erosketak egiteko elkartuko dira eta ondoren erositakoa sukaldatuko dute, lagunarteko giroan. Aurreko edizioetan, prestatutakoa elkartean bertan jan dute. Oraingoan, bizi dugun egoera dela eta, janaria etxera eramateko aukera egongo da. Elkartean bazkaltzea erabakitzen dutenek, senitartekoak bazkarira eramateko aukera edukiko dute. Beti ere, aldez aurretik zenbat lagun joango diren esanda.
Tailerretan parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuen bulegora jo behar dute, 943 03 80 83 zenbakira deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Tokia mugatua da. Lehenengoz parte hartzeko asmoa dutenek lehentasuna izango dute. Programaren bigarren zatia, munduko sukaldaritza tailerrak, apiriletik aurrera egingo dira.