Udala eta diputazioa Beasainen etorkizunaren inguruan aritu dira
Foru Aldundiko ordezkariek Beasainera egindako bisita Leire Artola alkatearekin batzartzeko baliatu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, tartean Markel Olano diputatu nagusia, Beasaingo udal gobernuko ordezkariekin batzartu dira gaur goizean herriko egitasmo “nagusiak” partekatzeko. Leire Artola Beasaingo alkateak esan du mugikortasunaren eta ingurumenaren inguruan hitz egin dutela nagusiki. Zehazki, Antzizar kiroldegian plaka fotoboltaikoak jartzeko proiektuaren eta energia komunitatearen inguruan aritu dira.
Ingurumenari buruz aritu izana ez da kasualitatea. Izan ere, ekainean Foru Aldundiak Etorkizuna eraikiz egitasmoaren bitartez Beasainen jasotako iritzi gehienak adar horretakoak ziren. Etorkizuna eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa eta, bertan, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetu zieten herritarrei. Beasaindarren artean 140 lagunek erantzun zuten, eta gehienek naturaren zaintza, birziklapena eta energia berriztagarriak nabarmendu zituzten. “Horrek esan nahi du ingurumenaren auziak interes berezia pizten duela Beasainen, eta guretzako, instituzioen ikuspegitik, informazio garrantzitsua da”, esan du Olanok. Artolak ere herritarrek egindako ekarpenak eskertu ditu: “Ikusi dugu beasaindarrek 2040an nolako herria nahi duten. Orain guri dagokigu erronka horiei erantzutea martxan ditugun eta etorriko diren proiektuekin”.