Adineko pertsonen erresidentzietako langileek bilera eskaera erregistratu dute Aldundian
Erresidentzietako langileek greba egun bat gehiago egin dute "egoera jasanezina" dela salatzeko. Maite Peña diputatuak gaiaren inguruko galderak ekidin ditu. Eider Mendoza bozeramaileak prentsaurrean esan du "lan baldintzei" dagokiona, "sindikatuek eta patronalak" adostu beharko dutela
Gipuzkoako adineko pertsonen erresidentzietan beste greba egun bat gehiago egin zuten atzo, langileek bizi duten egoera «jasanezina» dela salatzeko. Hitzarmena orain! Aldundia, zure esku dago lemapean, manifestazioa egin zuten lurralde osotik gerturatutako ehunka langilek Donostian. Goierriko egoitzetako ordezkaritza bat ere izan zen bertan.
LAB eta ELA sindikatuek salatu dute, «arduradun politikoek egoitzetako gatazka desblokeatzeko borondaterik ez» dutela. Langileak bizitzen ari diren egoeraren errudun egin dute Gipuzkoako Foru Aldundia; «erresidentzietako langileek aurretik egindako eskaerei erantzunik eman ez izanak, egoera jasanezin bihurtu du».
Bada, atzoko greba egunean, beste bilera eskaera bat erregistratu eta berretsi zuten, «hau ez delako langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik».
Bilera eskaerak, 50 gizarte eragile baino gehiagoren babesa jaso duela nabarmendu dute ELA-k eta LAB-k. Eduki duten babes zabala kontutan izanda, sindikatuek espero dute, «bilera deia jasotzea». Bitartean, «borrokan jarraituko» dutela iragarri dute, «zaintza lanak politikoki, ekonomikoki eta sozialki aitortuak izan daitezen».
Aldundiaren erantzuna
Maite Peña diputatuak, atzokoaren inguruko galderak ekidin ditu, eta Eider Mendoza bozeramaileak prentsaurrean, kazetari batek gai honekin lotuta egindako galderari eman zion erantzunera bideratuz, momentuz adierazpen gehiagorik ez dituela egingo esan dio Goierriko Hitzari.
Bozeramailearen atzokoa adierazpenen arabera, «etorkizunean zaintza sistemak nolakoa izan behar duen zehazteko oso lanketa zabala egin da eragile guztiekin, sindikatuekin ere». Baina beste gauza bat dela, «lan baldintzei dagokiona, zilegi dena erabat», baina kasu horretan, adostasuna bilatu behar dutela «sindikatuek eta patronalak, parte kontratatzailea delako Aldundia». Mendozak eskatu du, bi parteak «adostasunera heltzea lehenbailehen gatazka honekin bukatzeko». Greba egunetan, «zerbitzu minimoak» bermatuko dituztela ere esan zuen.