Emakume Master Cup-eko eskuz binakako partidak jokatuko dira igandean
Ormaiztegiko Urbeltz pilotalekuan izango da pilota jaialdia, 11:00etatik aurrera. Pilota goxua gazteen ligaxka triangularra eta pilota mistoko eliteko txapelketa jokatuko dira
Pilota izango da nagusi igandean Ormaiztegin. Laboral Kutxa Emakume Master Cup-eko eskuz binakako partidak jokatuko dituzte 10 pilotarik Urbeltz pilotalekuan. 11:00etan hasiko da jaialdia. Guztira 4 partida jokatuko dira. Batetik, gazteen pilota goxuko txapelketaren barruko triangularra izango da, eta bestetik, pilota mistoan elite txapelketako partida bat. Ligaxkako partidak izango dira.
Pilota goxuan gazteen triangularrean hiru bikotek hartuko dute parte: Olatz Insausti-Irati Betegi, Janire Sotil-June Urrutikoetxea eta Jone Merino-Maitane Agillo. Hiru partida jokatuko dituzte, bikote bakoitzak bi, 18 tantora. Ligaxkako onenak finalerdietara sailkatuko dira. Igandeko beste partida pilota mistoko elite txapelketakoa izango da. Olatz Arrizabalaga-Enara Grande bikoteak Miriam Arraiza-Itxaso Erasun bikotearen aurka jokatuko du. Azken txapelketa honetako finalerdietarako data zehaztu dute dagoeneko. Lezon izango da martxoaren 13an.
Goierrin beste bat
Otsailaren 27an, Seguran Emakume Master Cup-eko eskuz binakako ligaxketako beste lau partida jokatuko dira. Jaione Elorza-Alba Monge, Laida Sanchez-Oihane Rodriguez eta Irati Arroyo-Uxue Gomez bikoteek jokatuko dute triangularra gazteen pilota goxuan, eta Leire Garai-Miriam Arrillaga bikotea Madalen Etxegarai-Uxue Oses bikotearen aurka lehiatuko da pilota mistoko elite mailan.
Ezkiokoa gaur
Igandeko partidez gain, gaur, 18:00etan, Ezkioko II. afizionatuen pilota goxua txapelketa hasiko da, binaka. Lau partida izango dira: Fernandez-Txipi Arkaitz-Mikelen kontra, Alberdi anaiak Arratibelen eta Xabaten kontra, Bereziartua-Barandiaran Antia-Oliveiraren kontra eta Aitor-Eneko Intsa-Elorzaren kontra. Ostegunetan izango dira partidak.