Karmele Aierberi agur ekitaldi jendetsua egin diote Ataunen
Politikari eta euskaltzale ataundarra hil eta biharamunean, jendetza bildu da San Gregorioko Inaxio Aierbe plazan. Herritar eta militantzia kide ugarik hartu dute hitza.
Ataungo San Gregorio auzoko frontoia eta plaza jendez bete zen atzo, Karmele Aierbe Muxikari (Ataun, 1951-2022) azken agurra egiteko. Iluntzean egin zuten ekitaldia, haren anaia zenaren izena daraman Inaxio Aierbe plazan. Frontoian jarritako aulkiak berehala bete ziren, eta herritar askok pilotalekuaren kanpoaldetik jarraitu zuten ekitaldia.
Gernikaren doinuekin eta txalaparta hotsekin hasi zen. Hitzartze sorta egin zuten segidan, Aierbek parte hartu edo lagundu zuen ordezkaritza ugarien izenean. Tartean izan ziren Joseba Alvarez, Arnaldo Otegi eta Martin Aramendi alkatea, besteak beste. Musika eta dantza emanaldiak ere ez ziren falta izan.
Herrian zehar ere, Karmele Aierberen omenezko hainbat ikur ikus zitezkeen atzo; udaletxean eta etxe askotan ikurrina xingola beltzarekin atera dute, dolu erakusle, eta herri sarreran, egindako lanarekin esker oneko kartela ere jarri dute.