Lana pasioa denean, erretirorik ez
Hazitako patata ekartzen hasi da Jabier Lacalle azokako beteranoena. Feria ezagutuz herria bisitatzera etortzen diren taldeak berriz ere ari dira animatzen.
Oraindik goiz dela abisatzen badu ere, jendea hasi da patata ereiten. Negutegian hobe oraindik, baina goizeko patata kanpoan erein duenik ere, toki babesean noski eta arriskuaren jabe izanda, gutxi bada ez bada ere. Urtero bezalaxe aukera polita aurkeztu zuen atzo saltzaile beteranoenak. Izan ere, 80 bete zituen iazko azaroan Jabier Lacalle aguraindarrak eta 67 daramatza azokaz azoka, azken urte hauetan Maria lagun duela. «Askotan entzun dut zer egiten dudan oraindik lanean baina niri emaidazu hau eta kendu Benidorm guztiak, zer egingo nuke ba nik han?», aipatzen zigun umorez.
Lan erritmo bizia du gainera, astea joan astea etorri hauxe kokalekuen zerrenda: astelehena Etxarri, asteartea Azpeiti, asteazkena Ordizia, ostirala Leitza. Gainerako egunak produktuak eskuratu eta kargatzeko behar ditu. Horixe da lana pasioz bizi izatea. Hazitarako patatekin ere ageri zaio.
Urteek emandako jakinduria transmititzen iaioa da. Atzo 6 patata mota zituen salgai. Agria delakoa da salduena, «hori-horia, urrearen parekoa da, iaz oso urte ona izan zen eta hazia ere halakoxea da», 0,9-1,05 artean kiloa. Jaerla motako goiz-patata ere badu eta bitartekoak diren spunta eta monalisa ere bai. Desirée gorria eta baraka motakoak osatzen dute aukera. Denak ere 1-1,10/k salgai. Zein zertarako den onena edota emankorrena eta abar, eskatzen dionari dagokion azalpena emateko astia hartzen du Jabierrek.
Oiloak errute garaian
Gainerakoan aparteko nobedaderik ez barazki eta frutetan. Baserriko arrautza dezente ikusten da mahai gainetan, aire librean dabiltzen oiloak oraintxe dute erruteko garairik emankorrena eta ageri da, 3-4 euro artean dozena salgai. Kezkatuak dira baserritarrak, sanitatearen izenean legeek aire librean eta sano hazteko geroz eta eragozpen gehiago jartzen dizkietelako.
Bisitak ugaritzen berriz ere
D’elikatuz zentrokoen gidaritzapean, feria ezagutuz herria bisitatzera etortzen diren taldeak berriz ere ari dira poliki-poliki animatzen. Atzo esate baterako, Maizpide euskaltegikoak eta Hernaniko bigarren hezkuntzako institukokoak zebiltzan Ordizian.