Legazpi Musika Bandako kideak Latxartegira itzuliko dira igandean
Jesus Castillejo eta Legazpi Musika Bandako gainerako musikariak Latxartegi aretora itzuliko dira igandean, 12:30ean kontzertua emateko. Bandaren urteko lehen kontzertua izango da, eta aspaldiko partez, hainbat kalejiraren ondoren, barruan eta eserita joko dute Legazpiko musikariek. Ohi bezala, Latxartegiko sarrera doakoa izango da, eta aretoko ateak 12:00etan irekiko dituzte.
Bandak lau piezez osatutako egitaraua prestatu du iganderako, eta hurrengo asteko Inauteriei keinu bat egingo die Fiesta tropical eta Mambo bando uno abestiekin. El centurion kontzertuko martxa eta El barbero de Sevilla obertura ere joko dituzte.
Gainera, kontzertu berezia izango, Amaia Armendariz flauta jotzaileak eta Mario Gallego saxofonistak kideen aitortza jasoko dutelako, bandan 25 urteko ibilbidea osatzeagatik.
Legazpi Musika Bandaren hurrengo kontzertua martxoaren 20an izango da. Bitartean, Ilintxaren 75. urteurrenaren ospakizunari begira lanean jarraituko dute.