Lerro guztietan eta lehen lerroan, beti
Anjel Lasa Jauregi Anjeltxo zendu da, 72 urte zituela. Bihotzekoak emanda, ebakuntza egin behar izan zioten, baina herenegun gauean hil zen. Ordiziako herrian sorpresaz jaso dute albistea. Ez du inor indiferente utzi, pertsona oso ezaguna baitzen herrian, komunitatearekin izan duen konpromisoagatik.
Ezker abertzaleko militante oso aktiboa, frankismo garaian, 23 urte zituela eta bere lehen semeak 17 egun baino ez zituenean, atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan zen.
Gertaera horrek baina, ez zuen bere ekina eten. Bizitza guztia eman du komunitatearen alde lanean. Esparru politikotik hasita, Ordiziako zinegotzia izan zen 1983-1987 urte artean, Herri Batasunarekin, eta Ordiziako ezker abertzaleko gidaritza taldeko partaide izan zen. Militante oso-oso aktiboa izan zen.
Herri mugimendu ia denetan ere oso aktiboa izan da. Ikastolaren sorreran bere aletxoa jarri zuen, eta ondoren ere, laguntzaile izan dute. Marian Oiartzabal bere emaztearekin eta beste herritar batzuekin batera, Bernedoko udalekuen antolakuntzan jardun du lanean hasieratik.
Argi Berri elkarteko lagunek ere faltan botako dute. Elkartearen sorreratik ez, baina handik gutxira batu zen. Zuzendaritza taldeko kide izandakoa, eta jubilatu ondoren ere, elkartean sorturiko edozertarako, laguntza eskatzea beharrezkoa ez zen horietakoa zen.
Lerro guztietan, eta lehen lerroan, beti. Euskal presoen aldeko mobilizazioetan, pentsiodunen mugimenduan,… Ideiak botatzeko, ondokoak animatzeko, pankarta bat egiteko edota hura eusteko, Anjeltxo beti zen lehena. Ordizian faltan botako haute. Bidai on!
Azken agurra, bihar
Lasaren gorpua Ordiziako beilatokian egongo da gaur, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara. Bihar, ostirala, berriz, azken agurra egingo diote Ordiziako Plaza Nagusian, 19:00etan.