Publikoa, kalitatezkoa
Kalitatezko osasun publikoa exijitzeko mobilizatu dira Zumarragako ospitaleko eta herrietako osasun zentroetako atarietan, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta
Mobilizazio eguna izan zuten atzokoa osasun publikoko langileek. Elkarretaratzeak egin zituzten ospitaleetako eta herrietako osasun zentroen atarietan, kalitatezko osasun publiko bat eskatzeko, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Osasun Sailari eskatu diote, Osakidetza indartzeko urratsak eman ditzala. Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Hala, bi greba egun deitu dituzte: Otsailaren 25erako, ostirala, lehen arretan; eta, otsailaren 28erako, astelehena, Osakidetzako esparru guztietan. Gainera, manifestazioak ere deitu dituzte otsailaren 26rako, larunbata, hiru hiriburuetan. Aurrerantzean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.
«Gure osasun-sistema publikoaren desegitearen eta prekarizazioaren aurrean, langileen eta herritarren gogaitasunaren isla dira mobilizazio hauek. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa berriak abiarazi ditu», adierazi zuten bost sindikatuek.
COVID-19ak zerbitzu honetan lan egiten duten langileek bizi duten egoera «larriagotu» duela errepikatu zuten beste behin ere: «Osakidetzak COVID-19aren pandemiarekin estaltzen jarraitzen du, zerbitzu horren egiturazko defizita, eta premiazkoa da hori berregitea».
Langileen egunerokoa bakarrik ez, osasun publikora jotzen duten herritarrei ematen zaien arreta «okertu» egin dela ere garbi dute, eta hori, «murrizketek eta interes politikorik ezak eragin» duela. Giza baliabideen eskasiak albo-kalteak izan dituela langileengan, «muga-mugan» ari direlako lanean. «Ez dago baliabide nahikorik, ez dago errefortzurik, eta inoiz ez da iristen kanpoan dauden langileen ordezkapenik», salatu zuten bost sindikatuek, eta oso haserre dauzka, irtenbideak bilatzen baino «profesionalen ondoeza isilarazteko, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotu diren langileez abusatzeko, eta herritarrei gure lehen mailako arretaren narriadura larria ezkutatzeko egiten dutelako ahalegin gehien». SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak kexu dira, «ez delako langileak egiten ari diren ahalegina aitortzen, ezta haien eskubideak errespetatzen, are gutxiago kontziliazioari eragiten diotenak».
Ospitaleetako egoera ere «oso larria» dela diote sindikatuek: «Lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza-ikuspegirik eza eta baliabiderik eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster».
Sagarduiren hitzak
Bost sindikatuek, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak egindako adierazpen batzuk ekarri nahi izan dituzte gogora: «Pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago profesional nahikorik».
Sindikatuek ezin dute sinistu Sagarduik hori esan izana, «zenbait kategoriatako langileak kontratatzeko zailtasunak erabaki politiko desegokien ondorio baitira». Erantsi zuten, «50 urte inguruko langileen erreleboa planifikatu gabe egon da, sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari baitira». Horrez gain, Osakidetzak bere langileei ezartzen dien tratu txar sistematikoa dago».
Hainbat eskaera
Gauzak horrela, ondorengoa aldarrikatzen dute: Osakidetzaren aurrekontua handitzea, EBko batez bestekora iritsi arte; plantillak egoki dimentsionatzea, lanpostuak sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta kalitatezko arreta emateko; 24.600 langiletik gora pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea; galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea; arreta guneak berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea; absentziak betetzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea; kontziliaziorako neurriak hartzea; irekita dauden gatazkak konpontzea; eta plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak, besteak beste.