Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu dute Ezkio-Itsasoko auzia
Itsaso udalerri independente izateko salbuespena onartzea eta auzo-udala salbuespenean gehitzea eskatu dute ponentzian.
Ezkio eta Itsaso bi udalerri independente izateko eskaera eta auziari lotuta bizi izandakoak aurkeztu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan, egunotan egiten ari diren auzo-udalen inguruko ponentzietako batean. Bertan izan dira Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkatea, Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburua eta Martin Iparragirre udal idazkaria. Angiozar-en kasuaren ondoren, bigarren ponentzia izan da Ezkio eta Itsasokoa.
Bizi izandako prozesua errepasatu dute. 160 biztanle ditu Itsasok, eta 460 Ezkiok. Guztira, 620 biztanle dira. 1964a baino lehen udalerri independenteak ziren, eta diktadura garaian, Francoren 1964ko dekretuaren bidez, herritarren iritzia kontuan hartu gabe onartu zen bi udalerriak bateratzea. Herri kontzientzia eta herri dinamika propioak izan dituzte ordutik bi herriek. 2013tik aurrera ibilbide juridikoari ekin zioten eta, bideragarritasun ekonomikoa eta juridikoa alde izanik, 2016ko irailaren 18an herri galdeketa egin zen desanexioa egin ala ez galdetzeko. 88 biztanlek baiezkoa eman zuten, 26 biztanlek ezezkoa, lauk zurian bozkatu zuten eta baliogabeko bat izan zen.
Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak desanexiorako 2.500 biztanle izatea exijitzen du, baina salbuespen batekin: frankismo garaian, 60ko hamarkadan, galdeketarik gabe elkartu zituzten udalerriek berriro banatu nahiz gero, ez da kontuan izango biztanle kopurua. Horrela, 2016ko abenduaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri izendatu zuen Itsaso foru dekretu baten bidez. Foru Aldundiarekin batera egin zen prozesua. 2017ko urtarrilaren 13an, Itsasoko udalbatza sortu eta Gorka Sasieta alkate izendatu zuten.
Urte amaieran, baina, abenduaren 29an, Espainiako Estatuko administrazioak foru dekretuaren aurkako errekurtso bat aurkeztu zuen. Errekurtsoaren arabera, Itsasok 5.000 biztanle baino gutxiago zituelako ezingo luke udalerri izan, salbuespena kontuan izan gabe. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu, legitimazio prozesalik ez zuela iritzita.
Hiru urte geroago
2020ko uztailaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru dekretua baliogabetu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, Espainiako Estatuko Administrazioaren helegitea onartuta. Egoerari aurre egiteko, 2020ko irailaren 28an auzo udala sortzeko eskaera egin zioten Aldundiari. “Sententzia jasotakoan uste genuen auzo udala izateko arazorik ez genuela izango, baina esan ziguten oztopo bat zela”, azaldu du Sasietak. 2021eko ekainaren 29an, proposamen zehatza onartu eta Aldundira eta Batzar Nagusietara bidali zuten. Honela dio eskaerak: “Herritarren iritzia kontuan izan gabe 60ko hamarkadan elkartu zituzten udalerriek berriro udalerri independente gisa bereizi edo udalaz azpiko toki erakunde gisa eratu nahi badute, ez zaie exijituko Foru arauan aurreikusitako biztanle kopuruaren baldintza betetzea”.
Joseba Telleriak azaldu bezala, “2.500 biztanleko araua kentzea eta aurrez zegoen legedia berrikustea” eskatu zieten erakundeei. Batzar Nagusietako ponentzian, udalerri izateko salbuespena mantentzea eta auzo udala ere salbuespenari gehitzea eskatu dute. Auzo udalarena onartuta ere, ez diote uko egingo udalerri izateari. “Gaur egungo legediarekin ez da posible, baina egunen batean posible bada, hori da nahiko genukeena. Ez balitz posible izango konformatu beharko ginateke gaur egungo egoeraren antzerako batekin. Printzipioz auzo udala eta izaera juridikoa planteatzea da gure nahia”, esan du Itsasoko batzordeburuak.
Eider Mendoza Gobernantzako diputatua ere izan da ponentzian. Hiru hilabete inguru iraungo dute jardunaldiek. Denak amaitzean, abokatuen txanda izango da. Aditu bezala auziaren inguruan hitz egingo dute.