Itsasoko natura ondarea kontserbatzeko egindako lanak ezagutzeko aukera
Itsasoko hiru gunetan natura ondarearen kontserbaziorako egindako lanak eta horien helburuak azaltzeko bisita gidatua egin dute
Itsasoko natura ondarearen kontserbazio proiektuaren harira, bisita gidatua egin dute gaur goizean. Kizkitzan, San Lorentzon eta Alegian egindako lanak azaldu dizkie herritarrei Aranzadi Elkarteko Mikel Etxeberria Okarizek. Eguraldia lagun izan ez duten arren, dozena bat herritarrek osatu dute ibilbidea.
Kizkitzan hasi da bisita. Bertan, garai batean ikatzetarako erabilitako pago mugarratuek inguratzen dute ermita. Etxeberriak azaldu duenez, pago horien azterketa bat egin ostean, adarren bat ermitaren gainera erortzeko arriskua zegoela ikusi zuten. Arrisku hori murrizteko eta zuhaitzak indartzeko asmoz, zenbait pagoren adarrak mozteari ekin zioten. Mozketak, gainera, ez dituzte ohiko moduan egin. Sokak eta eskaladako materiala erabilita osatu dituztela lanak, makinariarik erabili gabe. Horrela, ermitaren segurtasuna bermatzea lortu dute zuhaitzak kaltetu gabe. Etorkizunera begira, hiruzpalau urtetan zuhaitzek nola erantzuten duten aztertuko dutela adierazi du Aranzadiko kideak.
Bigarren urtea dute, kontserbazio proiektuaren barruan, Kizkitza inguruetako pagoei adarrak mozten dizkietena. Lehenengo aldian, ebakitako adarrak bertan pilatuta utzi zituzten, horien artean pago berriak ernatuko zirelakoan. Oraingoz ez da horrelakorik gertatu eta, aurten, beste teknika bat erabili dute: moztutako adarrekin hesi moduko bat egin eta, barnean, pago berriak landatu dituzte. Adarrek babesle eta ongarri lanak egingo dizkiete zuhaitz berriei. Hurrengo asmoa pago horien haziak biltzea dutela ere aipatu du; eta inguruko izeiek pagoei sortu dakizkieken kalteen inguruan ohartarazi ditu herritarrak: “Egun, pagoak haizetik babesten dituzte izeiek. Handitu orduko, ostera, eguzki argia estaliko diete”.
Kontrastea ere bistan
Kizkitzatik San Lorentzo aldera abiatuta, egindako zenbait landaketa erakutsi dizkie Etxeberriak herritarrei. Inguru horretan, hainbat espezietako 3.365 zuhaitz landatu dituzte: erdiak haritzak eta besteak astigarrak, gereziondoak, gaztainondoak… Basoa kudeatzeko sistema ezberdinen kontrastea argia da zonalde horretan: bertako basoa landatutako lurren alboan, zenbait eukalipto landaketa egin dituzte lur sail pribatuetan.
San Lorentzo ermitaren inguruetan ere landaketak egin dituzte. Lurra aztertu eta landare gutxi ateratzera zihoazen guneetan jarri dituzte landare gehienak. Gune horretan, guztira, 1.400 landare jarri dituzte: haritzak, astigarrak, elorriak… Horrela, San Lorentzo ermitaren azpialdetik ia Kizkitzaraino, etorkizunean basoa izango den lur sail publikoa osatu dute. Ibilbidea Alegia auzoan amaitu da. Bertan, haltzadia zabaltzeko egindako landaketak azaldu ditu Aranzadiko kideak. Bestetik, landare inbaditzaileen erauzketetan egindako lanaz ere hitz egin du Etxeberriak, zehazki, Buddleja davidii espeziekoak dira azken hilabeteetan kendu dituzten landareak.