Ampo Ordiziak puntu bakarreko aldearekin irabazi du Gernikaren kontrako derbia
Bi euskal taldeen arteko lehia "oso parekatua" izan da, hasieratik bukaerara. Lau jardunaldiren faltan, "garaipen oso garrantzitsua" lortu dute ordiziarrek.
Gernikaren eta Ampo Ordiziaren arteko derbia, Urbieta zelaian // Argazkiak: Carlos Mediavilla Euskal derbietako giro bereziarekin, eta Gernika bezalako talde batek berezkoa duen gogortasunarekin, derbi parekatua jokatu zuten atzo Gernikak eta Ampo Ordiziak, Urbieta zelaian. Lehia oso estua izan da hasieratik azken minutuetara arte, eta ordiziarrek, puntu bakarreko aldearekin (15-16) lortu dute garaipena.
Markagailua ordiziarrek zabaldu zuten, 3. minutuan Lander Mujikaren ostikadari esker. Gernikak, ordea, aurrea hartu zuen 13. minutuan, entsegu batekin. Aurreneko zatia, 5-3 bukatu zen, etxekoen alde.
Bigarrenean indartsuago atera ziren Iñigo Marotiasen eta Asier Pazosen mutilak. Zigor kolpe batekin markagailuan aurreratu ziren, eta 50. minutuan iritsi zen ordiziarren entsegu bakarra, Diego Carvajalesen eskutik. 8-13 aurretik ziren ordiziarrak, baina etxeko taldeak berriz ere aurretik jartzea lortu zuen, beste entsegu batekin. Partida bukatzeko minutu batzuk baino ez ziren falta, eta ordiziarrek ez zuten etxekoen 22ko lerrora gerturatzea lortzen. Hala, Lander Mujika drop bat egiten saiatu zen, eta baita lortu ere.
Azkenean, 15-16 nagusitu ziren ordiziarrak, eta klubaren arabera, “garaipen oso garrantzitsua” izan da, liga bukatzeko lau jardunaldiren faltan, Ampo Ordiziak lehen postuetan finkatzea lortu baitu. Laugarren postuan karraitzen dute, 39 punturekin, bosgarren sailkatuari 8 puntuko aldea ateratzen diotela. Datorren asteburuan, atsedena izango dute lehen taldeko jokalariek.
Bi garaipen eta porrot bat
Ordizia Rugby Elkarteko gainontzeko kategoriei dagokionean, bi partida irabazi eta bat galdu dituzte asteburuan. 23 urtez azpikoek 19-17 irabazi dute Recoletas Burgosen aurka; 18 urtez azpikoek ere garaipena lortu dute (15-24); eqta 16 urtez azpikoena izan da asteburuan galdutako partida bakarra (14-10).













