Ataungo museoan astebururo antolatuko dituzte jarduerak
Otsailean eta martxoan asteburuero zabalduko dute museoa. Errotatxoa eta zerrategia ezagutzeko bisita gidatuak ere izango dira.
Aralarko Parketxea osatzen duten Lizarrustiko aterpetxea eta Barandiaran Museoa otsaileko eta martxoko asteburu guztietan zabalduko dituzte, arduradunek atzo jakinarazi zutenez. Barandiaran Museoa asteburu eta jaiegun guztietan egongo da bisitatzeko moduan, 10:00-14:00 ordutegiaren barruan. Hilabeteko lehenengo larunbatean arratsaldez ere irekiko dute, 16:00etatik 18:00etara.
Barandiarani eta euskal mitologiari eskainitako museoa ikusteaz gain, aldamenean dagoen antigoaleko zerrategi hidraulikoa eta errota ere bisita litezke. Bisita gidatuak goizeko 11:30ean egiten dituzte; ordu eta erdiko iraupena izaten dute.
Lizarrustin, berriz, basoa, bertako espezieen lanketa eta basogintzak ondutako paisaia ezagutu daitezke. Lizarrustiko aparkalekutik abiatu eta Alleko mendi magaleko pagadian barrena egiten da ibilbide erosoa. Hurrengo txangoa igande honetan izango da, 10:00etan hasita. Izena eman behar da (4 euro) aurrez (943 18 03 35).