Auzoen hobekuntzaren alde jarraituko dute lanean sozialistek
Urtatzan irisgarritasuna hobetzeko egindako arrapalak jarri ditu Oscar Valbuenak auzoen hobekuntzaren aldeko lanaren adibide moduan.
Legazpiko sozialistek auzoen hobekuntzaren alde lanean jarraituko dutela berretsi du Oscar Valbuena zinegotziak, Urtatzan udalak egin berri dituen arrapalak erakustearekin batera. «Auzoen hobekuntza da gure jardueraren ardatz nagusia, eta pozik gaude inbertsio honekin, sozialistok aspaldi proposatu genuen lana delako», adierazi zuen.
Urtatzako 53 eta 60 atarien arteko irisgarritasuna hobetzeko egin dituzte arrapalak, 90.000 euroko kostuarekin, eta lanek jarraipena izango dute aurten, San Joan auzoko hainbat ataritan egingo dituzten hobekuntzekin batera.
Laubideko 14 eta 16 atarietako lanak ere aipatu zituen. «Bizilagunek eskatuta, lehenago egitekoak ziren, baina pandemiarekin etenda egon dira. PSE-EEk proposatuta 2021eko aurrekontuetan sartu ziren, eta orain dela gutxi amaitu dituzte». Bikuña-enea plazan hobekuntza lanak egiteko 300.000 euroko partida jaso izana ere sozialisten ekimena izan dela azaldu zuen Valbuenak, Laubideko atari bakoitietako hirugarren fasea ere aurten egingo dela gogoratuz. Azken urteetan sozialistek Laubiden guztira milioi bat euroko inbertsioa egitea bultzatu dutela nabarmendu zuen.