Beasainek 80 bizikleta-aparkaleku gehiago ditu
Liburutegi alboko aparkalekua handitu eta Zaldizurretako biribilgunean, Iturralde plazan, Barrendain plazan eta Zapatari kaleko bidegurutzean berriak jarri ditu Beasaingo Udalak
Beasainek bizikletak uzteko 80 toki gehiago ditu. San Martin plazan zortzi toki gehiago jarri dira eta Zaldizurretan, Iturralde plazan, Barrendain plazan eta Zapatari kalean berriak jarri dira. Beasaingo Udalak argudiatu du toki “estrategikoak” direla. “Esku hartze honekin beste urrats bat eman da aipatutako helburuan baina etengabeko hobekuntzaren baitan bizikleten aparkalekuen beharrek esango dute aurrerantzean non eta zenbat gehiago jarri behar diren”, gaineratu dute.
Udalak mugikortasun jasangarriarekin duen “konpromisoa” eta bizikleta “lehenesteko” helburua nabarmendu ditu. Bizikletek “hiriari arnasa emateko” “funtsezko rola” dutela azaldu dute. “Bizikletaren onurak ingurumena babesteko zereginetik harago doaz. Osasuna hobetzen ere laguntzen du”. Hiri Mugikortasun Jasangarrirako plana garatzen ari direla ere gogorarazi dute.
Patineteak ere bai
Liburutegiko sarreran patineteentzako diseinatutako aparkalekuak jarri dituzte.