«Beste batek buruan duena marraztea ez zait erraza egin»
Maite Arboniesek (Zumarraga, 1989) 'Maisha' liburuko ilustrazioak egin ditu. Berak eta Betzaida Urtaza egileak liburua aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Urretxun.
Beti gustatu al zaizu marraztea?
Ume-umetan ez bereziki. Baina nerabezaroan Zumarragako arte ederren eskolara joan nintzen. Ondoren, Arte Ederren ikasketak egin nituen.
Egitasmo askotan parte hartu al duzu?
Arte ederrak ikasi ondoren, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin nuen. Ondoren, arteterapia eta antzerako tailerrak egin nituen eta haurrei sormen tailerrak eman nizkien. Egitasmo pertsonalei dagokienez, nahi baino gutxiago egin ditut: denbora falta, egindako lana erakustera animatzea asko kostatzen zait…
Amaia Iturriotz zure lehengusinarekin ‘Lurretikan’ ikuskizuna egin zenuen.
Elkarlanean aritzea errazagoa da. Bidaietan asko marrazten dut, bidaietan ezagututako emakume berezien erretratu asko nituen eta Amaiak eta biok marrazkiak eta hitza lotzea erabaki genuen.
Gaur, Urretxuko liburutegian, ‘Maisha’ liburua aurkeztu behar duzue. Liburu asko ilustratu al dituzu?
Ez. Ikastolaren liburu bat, Ikerrek (bikoteak) argitaratu zuen bat eta azken hau. Instagram-en nire lanak erakusten ditut, Betzaidak argitaletxe bat sortu du eta ilustratzaile lana egitea proposatu zidan.
Erraza izan al da berarekin lan egitea?
Oso prozesu polita izan da, baina ez da erraza izan. Beste batek buruan duen hori marraztea ez zait erraza egin. Ez nago horretara ohituta, orain arte nire kasa lan egin baitut. Erronka izan da.
Zer diozu liburuari buruz?
Nobela bat da. Hiru belaunalditako hiru emakumeren istorioa kontatzen da, alzheimerra tarteko. Gaixotasun horren eragina kontatzen da. Bizipenak, poemak… daude. Oso gauza ezberdinak. Oso liburu interesgarria da.
Irakaslea zara lanbidez.
Lau urte pasatxo daramatzat Arizmendi ikastolan. DBHkoei ematen dizkiet eskolak. Umeekin asko gozatu nuen eta DBHkoekin ere oso gustura nago. Gainera, Arizmendin sekulako aldaketa egin dute eta hori bizitzea altxorra ari da izaten niretzat.
Ama ere irakaslea duzu. Lagungarria izan al zaizu?
Noski. Urtetako jakituria du. Ama ere irakaslea izatea mesedegarria da.