Martxoaren 3an iritsiko da ahoz aho narrazio jaialdia Goierrira
Gipuzkoako 13 udalerritara hedatuko da 10. ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia. Goierrin, Ordizian lekua hartuko du, eta Ataunen ere izango da ekitaldi bat
Bueltan da sorkuntzari bultzada emateko helburu garbiarekin, Ahoz aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia. Martxoaren 2tik 26ra luzatuko den jaialdiaren 10. urteurrenak, 40tik gora ekitaldi ekarriko ditu. Tartean, narratzaileen lehiaketa, hitzaldiak, tailerrak, euskal narratzaileen topaketa eta gala bereziak, besteak beste. Aipagarria baita ere, inoiz baino gehiago hedatuko dela; Gipuzkoako 13 herritan antolatu baitituzte ekintzak. Hori bai, Ordiziak eta Tolosak jarraituko dute oinarria izaten, baina urrutira joan gabe, Goierrin, Ataunen izango Goierriko lehen ekitaldia. Martxoaren 3an Boni Ofogo kamerundarra izango da Troskaetan. Gainontzean, Hernanin, Aramaion, Oñatin, Arrasaten, Amezketan, Ibarran, Lizartzan, Ataunen, Albizturren, eta Ozaetz-Barrundia gozatu ahalko da ahozkotasunaren arteaz.
May Gorostiaga Intujai Teatroko ordezkariak azaldu duenez «magia, musika, bertsolaritza,… Kolore desberdin asko izango ditu jaialdiak». Eta xehetasun gehiagotan sartu aurretik, «eskerrak eman 13 udalerriei».
Ordiziako Udaleko Lander Mujika kultura zinegotziak adierazi du «balio handiko» jaialdia dela, «gizarteari egiten dion ekarpenagatik». Udal ordezkaria, pozik agertu da, jaialdia «aurrez aurre» egingo delako.
Joxemari Carrere ipuin kontalaria ere izan zen aurkezpenean, jaialdiaren bi alderdi goraipatu ditu, besteak beste: batetik, jaialdiaren «nazioartekotasuna», herrialde desberdinetako sortzaileen lana ezagutzera ematen duelako; eta bestetik, «helduentzako aukera bat zabaltzen» duelako, txikienentzat badago ipuin zirkuitu bat, baina helduentzako horrelako eskaintza aurkitzea, ez da erraza.
Gala nagusia eta gehiago
Esan bezala, martxoaren 3an, Ataunen izango da Goierriko lehen ekitaldia. Ordiziara, berriz, martxoaren 5ean iritsiko da jaialdia. Egun horretan, ekingo diote ahozko narrazio lehiaketari. Flavio Banterla italiarrak ere parte hartuko du. D’Elikatuzen izango da 19:00etan hasita. Hortik aurrera, familiei zuzendutako bi saio, ikastetxeetan beste hainbat, eta Goiztiri AEK euskaltegian beste bat egingo dituzte, Ahozkotasunaren gala nagusia (martxoaren 24an) baino lehen. Gala nagusian, ohi bezala, aurtengo kalabazak banatuko dituzte, hau da, ahozko narrazio lehiaketaren sariak banatuko dituzte.
Egitarau osoa ezagutzeko edo narrazio lehiaketan izena emateko —otsailaren 25era arte epea zabalik dago— sartu intujaiteatro.blogspot.com atarian.
Ataungo Jentilbaratzari kalabaza sari
Aurten banatuko dituzten hiru sarietatik bat, Ataungo Jentilbaratza elkartearentzat izango da, 40 urteko ibilbidean, euskal mitologiaren transmisioan egin duten lanagatik. Maitane Aizpurua elkarteko kideak adierazi du «pozik eta harrituta» daudela, «bultzada handia» dela «orain artekoari eusteko» eta eskerrak eman ditu.