Ostadarrek inaute desfilea berreskuratuko du
Bazkari herrikoia eta ondorengo erromeria ez da egingo
Ostadar dantza taldeak inauterietako desfilea berreskuratu du, iazko etenaren ondoren. “Aurten egoera hobea dela ikusita, urteroko ohitura berreskuratzea erabaki dugu” , diote. Larunbatean irtengo dira, 10:30ean, elkartearen lokaletik. Eguerdia bitartean kalez kale ibilko dira, musikari laguntzaileekin, Aurtzakako lagunekin eta Plaza dantzen ikastaroko kideekin batera.
Euskal Herriko hainbat lekutan Inatuerietan ikus eta dantza daitezkeen inauterietako dantza herrikoiak eskainiko dituzte. Keinu eta omenaldi “txiki bat” egingo diete bertan behera gelditu diren kultur jarduera guztiei.
“Arduraz eta elkar zainduz, baina gauza guztien gainetik pozez eta ilusioz, Ostadar Dantza Taldetik herriko dantzari eta dantzazale guztiak gonbidatzen ditugu datorren Inaute larunbatean gurekin batera herriko kaleak Inauterietako musikaz eta dantzaz janztera”, diote.
Bazkari herrikoirik eta ondorengo erromeriarik ez dute antolatu, baina. Egoera ez dela horretarako aproposena, diote.