Erakunde ofizialetan idazkari eskasian
Goierriko udaletan goi mailako 17 funtzionario lanpostu hutsik daude, belaunaldi aldaketan erreleborik ez dagoelako edo estatuko gaikuntza daukaten teknikariak falta direlako. Modu desberdinetan bete dituzte.
Udal idazkariak behar dira. Lan eskaintza baten iragarkia izan daitekeena, geroz eta arazo zabalduagoa da Goierriko erakunde publikoetan ere. Instituzio ofizialetako goi lanpostu teknikoen artean, gabezia herri askotara iritsi da. Idazkari, kontuhartzaile edo diruzainak aurkitzeko zailtasunak daude.
Lanpostu horietarako hautagai falta da arrazoi nagusia. Espainiako estatuko gaikuntza behar dute toki administrazioetako postu horiek. Bestetik, euskararen ezagutza ziurtatzeko 4. hizkuntza eskakizuna behar da, nahiz eta 3.a ere onartzen den batzuetan.
Hala, bi ezaugarri nagusi horiek betetzen dituzten funtzionario askorik ez dagoenez, hutsik izendatu dituzte lanpostu ugari. Goierrin, guztira 17 lanpostu daude izendapen finkorik gabe: 12 idazkaritza, lau kontuhartzailetza eta diruzaintza bat. Azken bi postu horiek, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan behar dira; idazkariak hartzen ditu bere gain txikiagoetan.
Gipuzkoan, guztira 66 lanpostu daude hutsik, foru aldundiak azkena egindako zerrendaren arabera: 34 idazkaritza, 21 kontuhartzaile eta 11 diruzaintza. Aldundiaren egitekoa, hala ere, udal bakoitzak egiten dituen izendapenak onartzea da. Urtean bi aldiz, hutsik dauden plazen berri ematen du aldizkari ofizialean; azkena, urrian.
Bien bitarterako metodoak
Idazkari, diruzain edo kontuhartzaile postuak hutsik izendatzeak ez du esanahi funtzio hori udaletan betetzen ez denik. Izendapen akzidentalak egiten dituzte, lehendik udalean bertan lanean ari den funtzionario bat kargurako jarrita. Idazkaritza metaketa da beste formula bat, udalerri bat baino gehiagotan —biztanle gutxikoak, normalean— udalen martxa eramateko idazkari bakarra jarrita.
Estatu mailako gaikuntza duten — «gaikuntza nazionala» terminoa darabilte Administrazioan— funtzionarioen lanpostuak betetzeko, udalez gaindiko erakundeek deialdi bateratuak ere egiten dituzte. Eusko Jaurlaritzak abenduan egin zuen lehiaketa bateratuaren deialdia. Zerrenda bakarretik horni daitezke tokiko administrazio desberdinetako hutsuneak. Beste erakunde batzuek osatutako lan-poltsak ere erabil ditzakete.
Sarri, ordea, hutsala izan ohi da erantzuna; udalen tamainak, promozio aukerek eta kokapen geografikoak eragina izaten dute, udal txikietako lanpostu deialdiei muzin egiteko.
Deialdi propioak
Azken aukera, erakunde bakoitzak bere lanpostu hutsa betetzeko lehiaketa deialdi propioa egitea izan ohi da, bestelako bideek emaitzarik ematen ez badute.
Testuinguru horretan daude azken aldian deialdiak egin dituzten Lazkaoko Udala eta Mutiloa eta Zeraingo udalen batura. Lazkaok idazkaritarako lanpostua atera zuen otsailaren 10ean; hautagaitzak aurkezteko epea astelehenean agortu zen. Izangaiak onartu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak egingo ditu azterketak eta probak.
Zeraingo eta Mutiloako udaletako idazkaritza elkargorako postua interinoki beteko dute, aurreko idazkari titularrak postuari uko egin ostean.