Finantza alorrean euskara erabiltzeko hitzarmena sinatu da
Idiazabalgo Udalak finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu du Kutxabank-ekin eta Laboral Kutxarekin. Lau urterako adostu dute akordioa. Hitzarmenaren bidez, aipatutako finantza erakundeek bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute. Zazpi puntu betetzea ditu oinarri akordioak. Tartean, udalaren eta finantza erakundeen arteko harremanak ahoz zein idatziz euskaratzeko, lehen hitza euskaraz egiteko edota finantza produktuei buruzko informazioa ematerakoan euskaraz emateko konpromisoak hartu dituzte hiru aldeek. Hitzarmenean aipatzen diren eta adostu dituzten helburuak betetzen direla frogatzeko, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateetako ordezkariek.
Udalari dagokionez, Uemako kideak izango dira batzordeko ordezkariak. Urtean behin bilduko dira gutxienez egin den lanari errepasoa egin eta helburuak eta irizpideak bete diren egiaztatzeko. Hitzarmenaren balorazioa egitea izango da batzordearen helburua.
2016an lehena
Lehenengo aldiz 2016. urtean sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak Uemarekin. 30 udalek egin zuten bat. Pixkanaka udalerri eta herriko entitate gehiago batu dira.













