Inauteriak alaitu ditu kaleak
Beasainen Ostadar dantza taldeak eta Urretxun Lurra dantza taldeak, inauteria ospatu dute. Dantza eta musika alaiekin girotu dituzte kaleak.
Hemen da inauteria. Goierrin ere, kolore berezia hartu dute kaleek mozorroekin. Hainbat eskolatan, animatu dira aurten kalejira eta dantza emanaldiak egitera, inauterietako festa giroa berreskuratzeko asmoz. Goierriko dantza taldeek ere jarri dute aletxoa. Beasainen, Ostadar dantza taldeak kalejira egin du, eta musika eta dantza alaiekin girotu du goiza.
Urretxun, Lurra dantza taldeak 32. herri inauteria ospatu du goizean goizetik; Oliteko inauteria herriko baserrietara eraman du. Urretxuko herriko plazan elkartu dira, eta bertan hasi dira goiza girotzen. Musikaz lagunduta dantza erakustaldia egin dute bertan. Ondoren, ohiko brindisa egin, familia argazkia atera eta Etxaburu aldera zuzendu dira bertan ere hainbat dantza egiteko. Goizean zehar, Erratzu, Iturbeko, Beibakar, Zabaleta, Mendizabal, Santa Barbara, Agerre eta Ipeñarrieta baserriak igaro dituzte, guztietan geldialdiak eginez.
Jarraian, Beasaingo eta Urretxuko dantza taldeen inauteriak argazkietan:












