Marzuolus perretxikuaren bila, Itsasondoko basoak ezagutzeko aitzakia
Itsasondoko basoetan Marzuolus perretxikua azaltzen den ala ez jakiteko, ibilaldia egin dute. Herriko basoak ezagutzeko aukera bikaina izan da itsasondoarrentzat.
Udaberri aldera agertzen dira Marzuolus perretxikoak (Hygrophorus marzuolus). Ez dute fama handirik, baina jateko oso onak omen dira. Bilatzea, ordea, ez da erraza. Horregatik, Itsasondon perretxiko horien bila joateko ibilaldia egin dute, inguruan ateratzen diren ala ez jakiteko. Izan ere, espeziearentzako ezaugarri onak biltzen dituzte Itsasondoko basoek: pago edo pinu inguruetan ateratzen dira, orbel artean eta, gainera, lur azidoak nahiago dituzte. Halere, eguraldia ez da egokiena izan Marzuolusak ateratzeko, lurra nahiko lehor dago eta beroa egin du. Horregatik, agian, itsasondoarrek ez dute Marzuolusik topatu.
Goizeko bederatzietan herriko plazatik atera eta mendi aldera joan dira. Uxama mikro-kooperatibako Javier Gomez aritu da gidari lanetan. Ultzamako Parke Mikologikoaren (Nafarroa) kudeaketaz arduratzen den enpresa da Uxama eta, Itsasondoko zenbait gunetan, espezie mikologikoen jarraipena egiten dihar dute. Iñaki Aizpuru botanikari eta herriko alkatearen azalpenak ere entzun ahal izan dituzte herritarrek. Udalak erositako lur sailetan aritu dira perretxikoen bila eta aurreko urteetan egindako zuhaitzen landaketak ere ikusi dituzte.
Marzuolusik topatzeko aukera izan ez duten arren, Javier Gomezek Ultzaman topatutako ale batzuk eraman ditu, bertaratuek espeziea nolakoa den jakin ahal izateko. Bestetik, Itsasondoko basoak ezagutzeko aukera bikaina izan dute herritarrek. Bi adituei esker, hainbat landare eta animalia espezieren xehetasunak ikasi dituzte.