Emakume pentsiodunen egoera gizarteratu dute gaur pentsiodunen elkarretaratzean
Asteleheneroko hitzorduari erantzunez hamarnaka herritar bildu dira Ordiziako Plaza Nagusian eta Urretxu-Zumarragan Areizaga Kalebarren plazan. Martxoaren 8aren bezperan izanik, emakumeen eskubideen aldeko aldarriak plazaratu dituzte
Goierriko pentsiodunen mugimenduak deituta, elkarretaratzeak egin dira gaur goizean, astelehenero bezala. Hamarnaka lagun elkartu dira, Ordiziako Plaza Nagusian eta Urretxu-Zumarragako Areizaga-kalebarren plazan. Gaurkoa, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezpera izanik, emakume pentsiodunen egoera gizarteratu nahi izan dute bereziki. Gogoratu dute, gaur egun pentsiodunak diren emakumeek, emakume guztien eskubideen alde urteetan zehar egindako borroka, eta iragarri dute, kaleak hartzen jarraituko dutela gizarte justuago baten alde. Aldarrikatu dute, «pentsioetan eta soldatetan arrakalarekin amaitzea; pentsioei eta ongizateari buruz erabakitzeko ezinbesteko gizarte eragilea direla; pentsio minimoa 1.080 eurokoa izatea; alarguntza pentsioak %100ekoak izatea; eta kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea, etxez etxeko laguntza eta adinekoentzako egoitza duinak izatea, besteak beste”.