Beasaingo EH Bilduk Udalari kargu hartu dio Ordiziako elkarretaratzea kontraprogramatzeagatik
Tokiko politikak "ezinbestekoak" direla diote, eta hauek talde feministekin batera garatu behar direla
Beasaingo EH Bilduk udal gobernuaren jarrera deitoratu du emakume langileen nazioarteko egunaren harira egindako irakurketan. Koalizio abertzaleari ez zaio gustatu gaur 19:00etan Erauskin plazan elkarretaratzea antolatzea, eskualdeko talde feministen gehiengoak eta askotariko eragileek Ordizian egindako deialdia ordu berean delako. Beasaingo EH Bilduk Ordiziako deialdira joateko deia egin du, nahiz eta udalbatzan ordezkaritza duten alderdiek adostutako manifestua Erauskin plazan irakurriko duten.
EH Bilduk talde feministek egindako lana aitortu eta indar metaketak duen garrantzia azpimarratu du. “Nazio Feminista dugu irabazteko eta elkarrekin ekin behar diogu”, esan dute.
Lan horretan tokiko agintarien garrantzia gogorarazi dute. “Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu. Tokiko politikak ezinbestekoak dira”.
Zaintza ere hizpide izan dute. Pandemiaren testuinguruan gauzatzen ari den hirugarren M8a dela aitzakia hartuta, gogorarazi dute bizitza “zaurgarria eta dependientea” dela. “Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da”.