Iparragirre, eskuetan
2021 urteari dagozkion Iparragirre Sariak banatu dituzte. Ane Odriozola Cia legazpiarrak irabazi du euskarazko narratibako saria. Gaztelaniazkoak atzerrira joan dira
2021. urteari dagozkion Iparragirre Sariak ostiral arratsaldean banatu ziren, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Euskarazko narratiba lan onenaren saria Ane Odriozola Cia legazpiarrak bereganatu zuen, Garaiz nagoen bitartean lanarekin. Gaixo dagoen emakume batek seme-alabei, ahizpari eta hildako senarrari idatzitako zazpi eskutitzez osatutako kontaketa da.
Urretxuko eta Zumarragako udalek ideia gorpuzten lagunduko diote, liburua argitaratu egingo baitute sari gisa. 650 euro eta diploma ere jaso zituen.
Odriozolak Iparragirre Saria 2019an ere irabazi zuen, orduko hartan Gauero hirekin egingo diat amets lanarekin. Idazleak bi lanak «erabat» ezberdinak direla esan zuen irabazlea zela jakitean. «Erronka bezala erabaki nuen euskaraz idaztea eta saria irabazteak konfiantza eman zidan. Bigarren sariak are konfiantza handiagoa emango dit, bi lanak erabat ezberdinak baitira. Jada ez dago pentsatzerik gaiagatik edo istorioagatik soilik irabazi dudanik», aipatu zuen.
Elena Sanchez Fuentes bizkaitarrak irabazi zuen euskarazko poesia onenaren saria, Kaleidoskopioak lanarekin. Sanchezek esan zuen halako lehiaketa batean parte hartu duen lehen zuela, nahiz eta zehaztu zuen gazte hasi zela idazten.
Bertsopaperetan, maila nagusian, Mikel Aiertza Etxabe aizarnazabaldarrak (Gipuzkoa) irabazi zuen. Pumori 20 urte bertsoak aurkeztu zituen. 2021. urtean Himalaian izandako ezbeharra dute ardatz. Bost euskal herritarrek bizia galdu zuten, tartean, Aiertzaren Iñaki anaiak. Hamasei urtez azpikoen artean ez zen lanik aurkeztu.
Gaztelaniazkoak, atzerrira
Gazlenaiazko narratiba eta poesia lanik onenak Miguel Angel Gonzalez Gonzalez madrildarrak eta Joan Verger Ginard mallorcarrak (Herrialde Katalanak) irabazi zituzten, hurrenez hurren. Los sobrantes eta La casa cerrada lanak aurkeztu zituzten. Verger Mallorcatik Zumarragara etorri zen saria jaso ahal izateko.
Euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztutako lanen artean aldea nabarmena da. Euskaraz 36 lan aurkeztu ziren maila guztietan; gaztelaniaz, aldiz, 147. Gehien- gehienak, narratiba arlokoak. Aurreko edizioan baino lan gutxiago aurkeztu dira, dena den.
Iparragirre sariak
BERTSOPAPERAK
· 16 urtez azpikoak. Ez da lanik aurkeztu.
· Nagusiak. Mikel Aiertza Etxabe, Pumori 20 urte.NARRATIBA
· Euskaraz. Ane Odriozola Cia, Garaiz nagoen bitartean.
· Gaztelaniaz. Miguel Angel Gonzalez Gonzalez, Los sobrantes.POESIA
· Euskaraz. Elena Sanchez Fuentes, Kaleidoskopioak.
· Gaztelaniaz. Joan Verger Ginard, La casa cerrada.