Urrup taldeak 'Tuppersex' aurkeztuko du
Goierriko Urrup antzerki amateur taldeak 'Tuppersex' lan berria antzeztuko du ostiralean, Ordizian. Ana Martinez taldekidearen lehen sormen lana da. Gonbidapenak eskuragarri daude Barrenan.
Estreinu handirako atzera kontaketa hasi da. Ostiralean, Urrup antzerki taldeak Tuppersex antzezlana Ordiziako Herri Antzokiko oholtza gainera eramango du. Emanaldia, 20:30ean hasiko da. Oraingo honetan, gazteleraz izango da. Antzerki hau, Martxoaren 8agatik, Kimetz emakumeen elkarteak antolatutakoa da. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapenak leihatilan jaso daitezke jada.
Pertsona guztientzat zuzendutako antzezlana bada ere, 50 urtetik gorako emakumeengan jartzen du fokua kontakizunak. Tuppersex-ek, txikitatik lagunak diren lau emakumeren istorioa kontatzen du. Haietako baten etxean elkartzen dira, Tuppersex saio bat egiteko. Lauotako bati bururatu zaio sexurako jostailuak erosteko saio hau antolatzea. Pertsona honek, Mariana du izena eta banandu berria da. Gainontzeko hiruen artean, denetariko iritziak daude; batzuk gustura doaz, ez hainbeste besteak. Aspaldiko lagunak izan arren, gaurkoan konturatuko dira ez dutela hain ondo elkar ezagutzen. Izan ere, ordura arte gutxitan ukitutako gaiak azaleratuko dira: sexu-plazerra, adiskidetasuna, harremanak, amatasuna, feminismoa, sexu-aniztasuna, bakardadea, kontziliazioa, lanean promozionatzeko aukerak, zaintza lanen banaketa… eta dena ikuspegi umoretsu eta alai batetik, eta une musikalen ukituarekin.
Ana Martinezen gidoia
Estreinu guztiak dira bereziak, baina Tuppersex antzezlanarena are gehiago izango da, taldeko kideetako baten sormen lana delako. Hain zuzen ere, Ana Martinezek idatzitakoa da, beraz, mugarri garrantzitsua izango da, Martinezentzat berarentzat, baina baita Urrup antzerki talde osoarentzat ere.
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Maribi Lopez (Iruneren paperean), Marisol Cavero (Sara), Oroitz Agirre (Marian), Ana Martinez (Amaia), Gorka Lariz (Ruben), Juan Manuel Pecharroman (Juan) eta Jose Luis Argiñano (Jon) igoko dira oholtzara, Garazi Otegiren ezinbesteko laguntzarekin soinu teknikari lanak egingo dituena.