Urteko egutegia zehaztu du Segurako Txirrindulari Elkarteko lantalde berriak
Sei proba antolatuko dituzte. Martxoaren 26an izango da aurreneko proba. Emakumeen Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dira kadete, junior eta elite mailetan.
Iazko udazkenean Segurako Txirrindulari Elkarteko arduradunek errelebo eskaera egin zuten. Eskaerari erantzunez, 13 lagunez osatutako lantaldeak hartu du Seguran egiten diren lasterketak antolatzeko ardura, eta dagoeneko 2022ko egutegia zehaztu dute kide berriek. Elkartearen lehendakaria Arkaitz Sodupe da, txirrindulari izandakoa eta txirrindularitza gertutik ezagutzen duena. Harekin batera, Ioritz Arizkorretak, Aimar Balerdik, Bittor Martinezek, Julen Telleriak, Aritz Agirrek, Jokin Sarasolak, Mikel Imazek, Asier Izuzkitzak, Iosu Bravok, Jose Ignazio Insaustik, Juanjo Oiarbidek eta Joanes Imazek osatzen dute taldea.
Urrian hasi ziren lanean, aurreko arduradunek nola lan egiten zuten ezagutu ondoren, eta 2022ko egutegia osatu dute, sei proba zehaztuta. Martxoaren 26an izango da Seguran egingo den lehenengo proba. Emakumeen Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dira. Kadete, junior eta elite mailako txirrindulariak bilduko dira Seguran. Apirilaren 10ean, eskolarteko lasterketen txanda izango da. Alebin eta infantil mailako txirrindulariek herrian prestatuko den zirkuituan egingo dituzte lasterketak. Kadete mailako lasterketa, berriz, maiatzaren 1ean jokatuko da. Santa Kruz ermitaren parean kokatuko da helmuga, eta Javier Ormazabalen omenezko karrera izango da. Orain arte junior mailako lasterketa izaten zen Ormazabalen oroimenezkoa, Beheko Barrioko festetan, baina aurten kadete mailako txirrindulariek jokatuko dute.
Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariei dagokienez, ekainaren 12an izango dute lasterketa. Orain arte San Joan jaietan izaten zen proba, baina aurreratzea erabaki du lantaldeak. Junior mailako txirrindulari onenak, aldiz, bi aldiz izango dira Seguran. Ekainaren 4an Euskal Herria Txapelketako karrera ospatuko da, eta ekainaren 27an, berriz, Gipuzkoako itzuliko azken etapa lehiatuko da Seguran.