Ziklikotasun ikastaroa mitoak hausteko
Bihar amaituko da Ahalduntze Eskolak antolatutako lehenengo ikastaroan izena emateko epea.
Idiazabalgo Ahalduntze Eskolak antolatutako aurreneko jarduera larunbatean izango da. Ziklikotasun ikastaroa egingo dute Pilarreneako ganbaran, 18:00etan, ama-alabei zuzendua. Tailer esperientziala izango da, hilerokoaren inguruan dauden mito, aurreiritzi eta tabuak haustu eta gaiaz naturaltasunez hitz egiteko. Ziklikotasunaren faseak eta autoezagutzarako baliabideak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. “Amek transmititzen duten ezagutza indartu eta alabetan sortu daitezkeen kezka eta zalantzei bidea emango” zaiela azaldu du Eskolak.
Bi tailer izango dira. Batetik, alaben tailerra, pubertaroak dakartzan aldaketen aurrean duten jakinmin edo zalantzak modu dinamikoan lantzeko. Eta bestetik, amen tailerra, euren ziklikotasunarekin konektatzea helburu duena. Amen tailerrak, hilerokoa modu teknikoan lantzeaz gain, “alde emozionalari balorea eman eta bizitzako erdigunean jartzea du ardatz”. “Emakume bakar eta errepikaezinak” izanik, ingurukoekin amankomunean dutena ikusi eta bakoitzari zer funtzionatzen dion ikasiko dute. “Bakoitzaren buruaz gehiago jakinez gero, errazagoa izango zaigulako alabei ezagutza horiek transmititzea eta informazio baliagarriagoa ematea”.
Ikastaroan “espazio intimoak” sortu nahi dituzte, “askatasunez eta errespetuz hitz egin ahal izateko eta hausnarketarako bideak zabaltzeko”.Bihar bukatuko da izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek berdintasuna@idiazabal.eus helbidean, 663626196 zenbakian edo liburutegian eman behar dute izena.