Beasaindarren gehiengoak ordutegi konpaktua «oso positiboa» dela deritzo
Hamar lagunetik bederatzi ados egongo lirateke ekimena hedatzearekin. Foru aldundiak dio goiz dela datuak sakon aztertzeko baina Miren Elgarrestak dio «jarraitu beharra degoela»
Beasaingo merkatariek eta herritarrek ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua aho zapore onarekin amaitu dute. Dendariek diote denbora gehiago izan dutela eurentzat eta bezeroen %80ak baino gehiagok «oso positiboa» deritzo itxiera ordua aurreratzea. Herriko 34 merkatarik 19:00etan itxi zuten euren establezimendua otsaila osoan zehar.
Galdetutako 160 herritarren gehiengo zabalak begi onez jaso zuen ordutegi berria. Soilik %8ak adierazi zuen ezezkoa. Esperimentuari 1etik 5erako puntuazioan 4,24 eman diote bataz beste.
Hala, etorkizunean esperientzia hedatuko balitz galdekatutako %94ak ez luke «inolako arazorik» beren erosketa ohiturak egokitzeko.
Esperientziak jarraipenak izango duenentz ez dago zehaztuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak esan dute datozen asteetan emaitzak «sakontasunez» aztertu beharko direla. Denbora eskatu dute halako neurri batek herritarren bizitzan eta herri bizitzan, baita Beasaingo merkataritzan ere zer nolako inpaktua duen ikusteko.
Jarraitu beharra
Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, dena den, «esperientziak izandako erantzun positiboak berresten digu jarraitu beharra dagoela dagoela aurrera egiten kontziliazio erantzukiderantz eta egiazko berdintasunerantz, lankidetzaren bitartez prestatutako ekintza zehatzen bitartez, gaur egun dagoen errealitate desberdina eraldatzeko gaitasunarekin», egin du gogoeta. «Esperientziak eta eskuratutako ikaskuntzek erakusten digute zer norabideri jarraitu behar zaion etorkizunean. Nahi dugu herritar guztiek zaintzea beren lana, astialdia, familia eta, nork bere burua, eta berdintasunean zaintzea», gaineratu du.
Leire Artola Beasaingo alkatea ere «pozik» agertu da esperimentuarekin eta merkatariengandik jasotako iritziekin. Beasaindarrek erosketa-ordutegian ohitura aldatzeko borondatean duten «ulermena eta inplikazioa» nabarmendu ditu bereziki, merkataritza-sektorean lan egiten duten pertsonen kontziliazioan ekarpenak egiteko borondatea erakusteko. «Herritar gehienen sintonia eta elkartasuna goraipatzekoa da, eta horrek guztion ongizatean eragiteko borondate ona erakusten du», gaineratu du.