Jose Antonio Peña mitina nazioarte mailako egutegian sartuko da lehenengoz
Datorren ekainaren 18an jokatuko da Jose Antonio Peñaren omenezkoa, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Aurtengoa seigarren edizioa izango da.
Jose Antonio Peña atletismo mitina nazioarte mailako egutegian sartuko da lehenengoz. Datorren ekainaren 18an jokatuko da, Ordiziako Altamira estadioan. Orain arteko bost edizioak, estatu mailakoak izan dira, beraz, “jauzi handia” suposatuko du seigarrenak, mitinaren antolakuntzaz arduratzen den Txindoki Atletismo Taldetik helarazi dutenez. Estatu mailako izatetik nazioarte mailako izatera igarotzeak suposatuko du, antidopin kontrolak egin beharko dituztela. Horrez gain, proban parte har dezaketen nazioarte mailako atleten kopuruak ez duela mugarik izango. Estatu mailakoa izan den bitartean, kopuru hori mugatua zen.
Txindoki Atletismo Taldearentzat erronka handia da horrelako proba bat antolatzea. Estatu mailako mitin garrantzitsuenen artean egoteaz gain, Euskadin egiten den bakarra da Jose Antonio Peñaren omenez Ordizian egiten dena.
Pista estaliko Espainiako txapelketa
Txindoki Atletismo Taldeko lau atletak parte hartu zuten asteburuan Valentzian jokatu zen 18 urtez azpiko pista estaliko Espainiako atletismo txapelketan. Zuhatz Sukia bederatzigarren geratu zen pisu jaurtiketan, 14,67 metroko marka eginda. Aratz Cendon berriz, pisu jaurtiketan hau ere, 15. geratu zen, 13,60 metroko jaurtiketa eginda.
Jon Naldaizek, 3.000 metroko lasterketan parte hartu zuen. Bere bigarren marka onena egitea lortu zuen (08:58:25), Espainiako 13. postu onena lortuz.
Nahia Iraolak 14. egin zuen, 1.500 metroko lasterketan 04:52:26 denborarekin.