«Pauso gehiago eman ezean, emakumea ari da kostua ordaintzen»
Zaldibiako Udalean lehenengo emakume zinegotzia izan zen Anttoni Nazabal Iztueta (Zaldibia, 1956), 1983tik 1987. Aldundiaren 'Haziak' dokumentalean eman du garapenaren testigantza.
Zaldibiako lehenengo emakume zinegotzia izan zinen, 1983an. Zer giro zegoen?
Frankismo ondoren, lehen udaletan, 1983tik 1987ra egon nintzen Herri Batasuna udal kandidaturako zinegotzi. Oso prozesu polita ireki zen herrian, eta kandidatura bateratua erabaki genuen; bi lagun troskismoan militatutakoak ginen, eta independente bezala sartu ginen; beste batzuk ezker abertzaletik… Gero apustu garbia egin nuen HBren barruan. Funtzionamendu polita zen, gatazkarik gabe, eta zeudenean asanblea zabaletan lantzen genituen. Batzar haietan emakume asko izaten ginen, baina kandidaturan sartu behar zenean murrizten zen.
Orduan eman zitzaion lehena izateari garrantzirik?
Ni neroni ez nintzen kosziente. Denbora pasa ahala, bai. Baina momentu hartan, ez. Ezker aldeko udal bat behar zen. Ezagunak ginen denok, beste garai batzuetan agian gatazkak izandakoak, bide diferenteetatik iritsiak. Baina benetan aberatsa izan zen.
Oharkabe pasatzea ez zen izango emakumeen gizarteko papera normalizatuago zegoelako…
Ez, orduan feminismoa beste marko batean zegoen, geroztik egin da bidea. Orduan ere zinegotzi, noski, Kulturakoa izan nintzen. Ogasunean edo Hirigintzan gizonak jarri ziren; kulturan eta festetan, emakumea. Hausnarketa hori ere denborarekin egin da. Kultura ere oso inportantea da, baina perspektiba horrekin ez zen ikusten.
Udalean jasan zenuen aurkakotasunik edo gutxiespenik emakume izateagatik?
Ez nuen orduan sumatu. Eguneroko funtzionamenduan, bai. Gure aurreko militantzian ere ohituta geunden buruak denak mutilak izaten. Bilerak gaueko zortzietan edo bederatzietan jartzen ziren, adibidez. Gaztea nintzen, ez nuen alabarik eta gurasoenean bizi nintzen artean, baina gero nabaritu nuen hori, batzordeetan-eta segitu nuenean. Gainera, bilera ondoren mutilak sagardotegira edo poteora joaten ziren. Deskuidoan emakume bat baldin bazegoen udalean, eta hark seme-alabak baldin bazituen, hor apurtzen zen funtzionamendu guztia.
Etxean ere ardurak zituelako emakumeak, gizonak hartzen ez zituenak, esan nahi duzu?
Normalean, bai. Holaxe, garbi. Umeak zituenean eta. Neronek nozitu nuen kostu handia ekartzen diola horrek emakumeari. Kulpabilitate asko. Gainera, etxetik kanpora ere lan egiten baduzu, badakigu kontziliazioak nola dauden. Nik ez nuen amaren gain utzi nahi. Bilera bat ez dakit zer ordutan eta non izateak, esan nahi zuen beste emakume bat ekartzea umeak zaintzeko. Faktura hori inolaz ere ez dute ordaindu gizonek; emakumeek bai, asko, eta kontraesan asko sortuta. Ez da erraza izan.
Kontzientzia feminista noiz piztu zela sumatu zenuen?
Askotan planteatzen nuen batzarren funtzionamendua erregulatu beharra zegoela, beste antolaketa bat behar zela. Baina ez zen lehentasuna, beste hainbat gauza zeuden egiteko. Garbi neukan lau urteko legealdia izango zela soilik, kostu handia ekartzen zuelako arlo pertsonalean kontziliatzeko. Nik ere orduan ez neukan kontzientzia feminista; gero, bai.
Emakumeek militantziatik arduretara urratsa ez ematearen arrazoia kontziliazioa zen?
Emakumeek ditugun zirkustantzia pertsonalak sopesatu egiten ditugu. Ez da baiezkoa esatea bakarrik, baizik emakumeek ez zuten planteatu ere egingo bikotea baldin bazuten. Bere gain hartzen zuen dena.
Herriaren aldetik ondo hartu zen emakumea udalean izatea?
Bai. Hala ere, duda egiten dut zinegotzi ordez alkate izan banintz nola hartuko zatekeen. Orduan edadeko gizonek udaletxean sartzerakoan txapela kentzen zuten! Harreman oso kutsatua zegoen udal ordezkarien eta herritarren artean, garai bateko ohitura edo posizioengatik. Emakumea alkate jartzea ez zen planteatu Zaldibian. Geroago, hautsak harrotu zituen asmo bat izan zen.
Zein?
Denak emakumeak izango ziren kandidatura bat ateratzea. Ibili ginen hizketan. Jende batek esaten zuen herrian emakumeak bakarrik ez zeudela… Hor gizonak konturatu ziren estatu kolpea jotzen ari ginela, eta bitxikeriatzat bezala jo zuten.
Zer garaitan izango zen hori?
1987tik aurrera gindoazela, mahai gainean jartzen hasi zen emakumeen kandidatura. 1983tik 1987ra gauza asko jarri ziren mahai gainean. Funtzionamendu asanblearioa genuen. Batzarrak ideologikoki aberatsak ziren, eta kohesioa eman zion jende multzo handi bati. Gai asko kuestionatu zen, emakumeok koszienteago ginen, eta erresistentzia bat egon zen.
Garai hura nola gogoratzen duzu, gaur egundik ikusita, emakume bezala?
Nituen urteak nituen, eta oroitzapen ona daukat. Udalean eta hortik kanpo, orduko prozedura herri honetan egin den prozesu aberatsenetakotzat jotzen dut. Denoi, emakume eta gizon, motxila betetzen lagundu zigun.
Berdinetik berdinera zen gizon eta emakume tratua?
Batzar horietan, bai. Emakume asko ziren nortasun handikoak.
Zaldibian alkate, aurreneko aldiz, emakumea da orain. Zu lehen zinegotzi izan zinetetik 40 urte pasatu dira ia. Erritmo motel samarra ez ote?
Bai, motel samarra. Urteekin konturatzen zara, zaintza eta kontziliazioa bere gain egonda, emakumeak egundoko faktura ordaindu behar izaten duela, maila guztietan. Eta oraindik ere emakumeak ordaintzen du.
Zer aldatu behar da?
Gizon eta emakume, elkarrekin egin beharrekoa da mundu hau. Baina oso neketsua da urtea joan, urtea etorri, instituzioetan lan egitea edo militantzian aritzea, eta burua bi lekutan edukitzea. Eta hori guk daukagu. Lanean ere bai. Zaintza gaian eta kontziliazioan pauso gehiago ematen ez diren bitartean, gizarteko zati handi bat emakumeak egundoko kostua ordaintzen ari da. Zaintza planteatuta dagoen bezala, gogorra da, ezinezkoa.
Ez dut esaten denek, baina ez dakite gizonek zer irabaziko luketen benetan murgilduko balira berdintasunaren bidean. Guk, emakumeok, irabazi dugun bezala balore feministei heldu diegunean.
Dokumentalean ideologia, alderdi eta garai askotakoak azaldu zarete. Hari komunik bada denen artean?
Eskubiko jendea beste bide batetik doa. Emakumea da, noski, baina feminista ez. Akuilu horri heldu die gaur Martxoaren 8a delako, baina egunerokoan ez dira feministak. Martxoaren 8an esaten denean ‘emakume guztiak’… Ez, ez dugu historia distortsionatu behar: emakume langileen eguna da. Klase arazoa ere badago mugimendu feministan eta berdintasunean.