Zegamako Erlezain Eguna bueltan da
Bi urteko etenaren ondoren igandean ospatuko da Erlezain Eguna Zegaman. Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketa 10:30ean hasiko da. Arratsaldean, bertso jaialdia izango da herri eskolan
Bi urteko etenaren ondoren, igandean ospatuko da Zegaman Erlezain Eguna, Zegamako Udalak antolatuta eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteak babestuta. 2019an egin zen azkeneko aldiz eta hurrengo bi urteetan bertan behera geratu zen COVID-19agatik. Igandeko egitarauaz gain, aurreko egunetarako bi jarduera antolatu dituzte erlezaintzaren eta eztiaren inguruan. Koldo Belasko eta Jaume Cambra adituek hitzaldi bana eskainiko dute bihar eta larunbatean, Anduetza parketxean. Erlezain Egunean XXII. Gipuzkoako Ezti Lehiaketa ospatuko da 10:30etik aurrera, finalerako sailkapenarekin, eta 13:30 aldera jakinaraziko dute nor den irabazlea. 2019an, Gabino Murua gabiriarra izan zen garaile, bigarren Martin Mujika legazpiarra, eta publikoaren saria Bittor Murgiondo mutiloarrak jaso zuen.
Bertso jaialdia
Erlezaintza eta eztia izango dira protagonistak, baina gozogintzaz, talogintzaz, artisautzaz edota loregintzaz gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek goizean, eta Aitxuri Herri Eskolako haurrek erlea gaitzat hartuta egindako marrazkiak erakusgai egongo dira. Ez da horrekin amaituko eguna. Arratsaldean bertso jaialdia egingo da herri eskolako gimnasioan, Kasino Elkarteak antolatuta eta udaleko Kultura batzordeak babestuta. Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Eli Pagola, Julio Soto eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariek parte hartuko dute, eta Amaia Agirre izango da gai-jartzailea.
Ekitaldien egitaraua
MARTXOAK 10, BIHAR
· 19:00. Koldo Belasko hitzaldia Anduetza parketxean. ‘Erleek barroa eta liztorraren aurrean bizirauteko behar dutena’.
MARTXOAK 12, LARUNBATA
· 17:00. Jaume Cambraren hitzaldia Anduetzan, erlezaintza ekologikoari buruz.
MARTXOAK 13, IGANDEA
· 10:00-14:00. Txistularien kalejira, artisau-azoka, landareen erakusketa, salmenta eta Jakoba Errekondoren kontsultategia. Gipuzkoako gozogileen produktu erakusketa. Goizean zehar ere kandela tailerra Anduetzan.
· 10:00etan eta 12:30ean. Bi saio. Rafa Gorrotxategik osagai modura eztia erabiliz egindako txokolatinen dastaketa eta txokolate tailerra.
· 10:30. Gipuzkoako XXII. Ezti Lehiaketa, pilotalekuan. Finalerako sailkapena.
· 13:00. Aitxuri Herri Eskolako ikasleen marrazki lehiaketako sari banaketa.
· 13:30. XXII. Gipuzkoako Ezti Lehiaketako sari banaketa.
· 13:45. Gozokien doako banaketa pilotalekuan.
· 18:00. Bertso jaialdia herri eskolako gimnasioan.