Baserritik errekara latsari lanetara
Berraun eta Errekalde arteko errekara jaitsi ohi zen Arantxa Eziolaza (Idiazabal, 1941) haurra zela latsari lanak egitera. 'Latsariak' proiekzioaren osteko solasaldian parte hartu du.
Latsari izan zen gaztetan Arantxa Eziolaza idiazabaldarra. Aurreko larunbatean Estibaliz Maguregik zuzendutako Latsariak dokumentala eman zuten Guraso Elkartean eta proiekzioaren ondorengo solasaldian parte hartu zuen bere etxean lixiba nola egiten zuten kontatzeko. Goatseko baserrian jaio zen Eziolaza, eta errekara jaitsi ohi zen amarekin eta ahizpekin arropak garbitzera zein etxeko kontsumorako ura jasotzera.
Baserritik Berraun eta Errekalde arteko erreka zatira jaisten ziren, hamabost bat minutura, arropaz betetako bi balde hartuta. Arropak hezetu eta amak ganaduaren seboarekin egindako xaboiaz garbitzen zuten zikindutakoa. Seboarekin kentzen ez bazen, xaboi puska erabiltzen zuten. Denbora behar zen latsari lanak egin eta higienea lortzeko. Xaboia egin, latsarrian igurtzi, urberritu, arropak denen artean bihurritu eta txintxilika jartzen zuten lehortu arte. «Hemen ez zegoen lixibalekurik, putzu handi bat eta latsarria zen lekua».
Baserriko beste lan bat zen lixiba egitea idiazabaldarraren kasuan, baina etxeko lana izateaz gain, latsariena ogibide bat ere izan zen. «Baratzea zela, lixiba zela, eskola zela, umeak zirela, joste lanak zirela, zaharren zaintza zela… ni lanean gaztetatik ibilitakoa naiz, aurretik ere hala ibiliko ziren amona, ama eta senide zaharrenak». Emakumeen espazioak izaten ziren zaintzari lotutakoak. Kontsumorako ur bila ere joaten ziren errekara, «janariarentzat edo kafearentzat».
Su hautsak
Hamar bat urte zituela, depositoa eta iturrian ura jarri zien osaba batek hainbat lagunekin batera, ganadua zuten etxearen ondoan, eta horrek joan-etorri gutxiago egitea ahalbidetu zien. Xaboia eta latsarria erabiltzen zuten Eziolazak eta senideek, baina beste teknika batzuk ere erabiltzen ziren. «Beste batzuek su hautsak erabiltzen zituzten arropa zuritzeko. Nik hori ez nuen ezagutu».
Urte gutxian gizartearen bizimodua asko aldatu dela dio Eziolazak. Aurreneko garbigailua ezkondu zen garaian iritsi zela du gogoan, «duela 60 bat urte edo», 20 bat urte zituenean. Ezkontzeko garaian herrira jaitsi zen, eta Arantxa mertzeria lurrindegia ireki eta bertan egin zuen lan gero, jubilatu arte. Gaur egun bere alaba Belen Goia da dendaren arduraduna.
Hamahiru emakumeren testigantzak
Urtarrilaren 28an estreinatu zuen Latsariak dokumentala Con Ciencia y Arte elkarteak. Estibaliz Maguregik Argenis Mesarekin, Marta Brancasekin eta Irune Lauzirikarekin batera zuzendutako lana da eta latsari izandako 13 emakumeren testigantzak eta bizipenak jasotzen ditu, batik bat Bilbo inguruko latsarrietan oinarrituz. Larunbatean Idiazabalen aurkeztu zuten dokumentala. Gaur, berriz, Gernikako Astran proiektatuko dute.