Errigoraren kanpainako eskaerak hilaren 30era arte egin daitezke
Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura lemapean, kanpaina berria jarri du martxan Errigorak. Oliba olioaz gain, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska daitezke.
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da. Atzo aurkeztu zuten udaberriko kanpaina Iruñeko Geltokin. Hilaren 30era arte bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dituzte herritarrek, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan. 2014an egin zen lehenengo aldiz kanpaina. Nafarroako Hegoaldeko eta Erdialdeko euskalgintzako proiektuak bultzatzeko erabiltzen da bildutako dirua.
Kanpaina martxan jarri zutenetik, gero eta gehiago dira bat egiten duten herritarrak, Errigorak azaldu duenez, eta baita ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak ere. «Iazko kanpainan, esaterako, 8.200 etxetara iritsi ginen eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu genituen».
Ohiko lekuetan
Aurtengo kanpaina Oinak lurrean lelopean abiarazi dute: «Hazi egin nahi dugu, bai, baina ez edonola. Errigoraren filosofiarekin bat eginez, lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz hazi nahi dugu». Ekimenaren bidez, lur-eremu berriak bestelako ereduen esku jarri dituzte, eta merkatuaren logikan eta kanpora bidaltzen ziren produktuak Euskal Herrian beste eredu batean kontsumitu daitezen lortu dute. Eskaerak Errigoraren webgunean zein ohiko lekuetan egin daitezke.