«Eskualdea izatea nahi dugunaren eredu izan behar du Biziolak»
Bihar aurkeztuko dute jendaurrean Lazkaon eraiki nahi duten Biziola Fabrika proiektua. Eskualdeko erronkei «erantzuna» eman nahi die, auzolanean eta goierritarren bultzada oinarri hartuta.
Bihar aurkeztuko duzue jende aurrean Biziola Fabrika Lazkaon. Zertarako izango da?
Andoni Mikelarena: Urriaren 16an egin genuen Igartzan Biziola sarearen eta proiektu zabalagoaren aurkezpena. Goierriko ehun bat lagun elkartu ginen. Urte batzuk bageneramatzan Biziola sarea sortzen, josten eta eraikitzen. Orduko hartan galderak plazaratu genituen: zein diren eskualdeko erronkak, zein eremutan dagokigun elkarrekin lan egitea… Larunbat honetan horiei erantzun batzuk ematen saiatuko gara. Elkarrekin eraiki beharko ditugu erantzunak.
Biziola Fabrika izango da erantzun bat?
Aizpea Lasa: Fabrika espazio bat izango da, non lanketa hori egingo den eta erantzun batzuk sortuko diren. Tresna bat da, azken batean. Hemendik harago ere zabalduko dira eraginak eta ekintzak. Baina inportantea iruditzen zaigu espazio komun bat edukitzea, guztia garatzeko eta elkarbanatzeko. Kokalekua oinarria eta elkargune bat izango da, ideiak lantzeko eta erantzunak ematen segitzeko. Zeren ez dira erantzun definitiboak eta bakarrak, baizik anitzak eta denon artean landu beharrekoak.
Zein erronka plazaratu dira?
A. M.: Eskualde gisa zein erronka identifikatzen genituen landu genuen, eta horiei erantzuten hasteko nola antolatu beharko genukeen edo zein bide jorratu beharko genituzkeen. Erronken inguruan, askotan errepikatzen diren erantzunak atera ziren: aisialdian bestelako eredu batzuk behar direla, kontsumoaren ingurukoak, klima aldaketari erantzun, trantsizio energetikoa, mugikortasuna, elikadura… Erronka asko atera ziren. Berritasuna ez da erronka horiek atera izana, baizik horiei erantzuten hasteko eragile oso ezberdinak, anitzak eta eskualdeko jende asko biltzen duen plaza berri bat eta energia sortu genuela.
Lehentasunik jarri duzue?
A. L.: Dagoeneko erronka batzuei lehen erantzunak edo proposamenak ematen hasita gaude. Adibidez, elikadura burujabetasunaren inguruan proiektu sendo bat jaiotzen ari da, eta lanketa sakona egiten ari gara. Pixkanaka, beste erronka guztiei ere erantzuteko taldetxoak eraikitzen joango gara. Inportantea da jendea horretan inplikatzea eta beharrak sortzen diren heinean erantzunak ematen joatea.
Zein proiektu dira gauzatzen hasteko modukoak?
A. M.: Asko ez dugu aurreratuko, martxoaren 12an horren berri eman nahi dugulako. Espazioak berak bi esparruri erantzungo die: elikaduran identifikatu ditugun erronkei, eta eskualdeari plaza bat eskaini, elkarrekin sortzeko eta sortzen den hori adierazteko. Espazioa tresna bat da, eta ez helburu bat. Espazio hau izatea nahi dugu hemendik urte batzuetara eskualdea izatea nahi dugunaren eredu edo adibide. Ez dugu inondik inora nahi proiektu hau espazio batera mugatzea, baizik leku hau tresna bihurtzea eskualdeko ahalik eta eremu gehienetan logika hauetan eragiteko.
Arruabarrena pasta lantegi zenean kokatuko duzue espazio hori, Lazkaon. Zer dago?
A. L.: Oraindik nahiko espazio irekia da. Helburu batzuei erantzungo dien gune konkretuak zehazten ari gara. Elikadura proiektuan, biltegi bat jarriko da, inguruko produktuak biltzeko eta banatzeko. Baita produktuen trukerako espazio bat ere. Gero, kulturan antzerkiak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak eta halako ekimenak egingo diren espazio bat aurreikusten da. Aurrera begira, elkarlanerako eta bulegotarako espazio bat ere bai. Bestetik, elikadurarekin lotuta, transformaziorako gune bat ere aurreikusten da.
Epeak zein dira?
A. M.: Epeak markatzerakoan, garrantzitsua da ulertzea proiektu hau auzolanean eraikitzen ari garela. Epeak eta erritmoak oso lotuta daude jendearengan pizten duen interes edo grinarekiko. Herritarrengandik benetan apustu bat baldin badago, eta proiektu hau aurrera ateratzeko nahia baldin badago, epeak bizkortu egingo dira; ez baldin badago, mantsotu. Biharko ekitaldian irekiko dugu proiektura batzeko edo parte izateko aukera. Gure ustez, espazioak eskaintzen duenak, eta hortik harago, espazioan jaso nahi den proiektuak, interesa piztu lezake eskualdean.
Nolako ekitaldia izango da biharko aurkezpena?
A.L.: Deialdi zabala da, interesa duen edonor gonbidatuta dago eta ongi etorria izango da espazio hau ezagutzera. Geroz eta jende gehiagok ezagutu, bizia eta giharrea orduan eta lehenago hartuko du. Denok elkarlanean sortutako espazio bat izatea nahi dugu, eta geroz eta anitzagoa eta zabalagoa izan, orduan eta interesgarriagoa. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta 13:00ak ingurura arte ikusi ahalko da. Webgunea badugu, biziola.eus, Twitter eta Facebook ere bai; etorri ezin duenak edo informazio gehiago nahi duenak, idatz diezaguke (info@biziola.eus).