Ordizia Transformatzen
Martxoaren 17an hasi eta ekainera arte luzatuko da 'Udaberria Transloratzen, Ordizia transformatzen' zikloa. Zine emanaldiak, musika, hitzaldiak eta tailerrak ekarriko ditu, besteak beste
Bigarren urtez Udaberria Transloratzen zikloa egingo dute Ordizian. Aurten, lema berrituarekin dator ekimena; Udaberria Transloratzen, Ordizia transformatzen izango da hain zuzen ere. Ordiziako alkate Adur Ezenarrok azaldu duen moduan, «oso garrantzitsua da hori txertatzea, esaerak biltzen duen guztiagatik».
Ziklo honen hastapena, duela hiru urte dago, nolabait. Alkateak gogoratu duen moduan, «urte hartan, LGTBI+ gaiak jorratzen dituen Zinegoak jaialdia bueltan ekarri» zuten Ordiziara. Hortik aurrera, iaz egin zuten Udaberrian Transloratzen lehengoz eta «ikusi genuen herrian bertan bazeudela familiak errealitate hori bizitzen ari zirenak».
Iazko esperientziaren ondoren, «aurtengo edizioa zabalago egitea pentsatu genuen». Hala martxoaren 17an hasi eta ekainera arte luzatuko den egitaraua izango da. Guztira, 13 proposamen desberdin ekarriko ditu; zine emanaldiak, hitzaldiak, tailerrak,…
Popatik
Ekaitz Goikoetxea ere izan da Udaberria Transloratzen, Ordizia transformatzen zikloaren aurkezpenean. Izan ere, apirilaren 7an, Xabier Crehuet kantautore ordiziarrarekin batera eta Aingeru Mayorrekin elkarlanean sortu duten proiektua ezagutzeko aukera izango baita, zikloaren barruan. Popatik du izena, eta proiektu poetiko-musikala da. Ordiziako aurkezpenean gainera, German Urteagak eta Eder Iturraldek egingo duten hitzaldiarekin borobilduko dute.
Ez da berria gaia Goikoetxearentzat, izan ere, azken urteotan, ziklo honek lantzen eta gizarteratzen duen gaiaren bueltan oso aktiboki lanean jardun du: «Luxu bat eta plazer bat da, Popatik proiektuaren Ordiziako aurkezpena ez delako izango zerbait isolatua, lurzoru bat dago, oso landua, eta zoragarria da ikustea, gai beraren bueltan zenbat hertz jorratuko diren».
Transloratzen
EGITARAUA
· Martxoak 17. Zinegoak 2022 film laburren jaialdia, Herri Antzokian, 19:30ean.
· Martxoak 18-19. Autodefentsa eta maskulinitate tailerrak, Gaztelokalean.
· Martxoak 22. Pornografia hitzaldia. Hizlariak, Jose Luis Gonzalez eta Josebe Iturrioz.
· Martxoak 24. Zinegoak 2022 jaialdia, zine dokumentala: Nuestros cuerpos son nuestras batallas. Herri Antzokian, 19:30ean.
· Martxoak 26-27. Gaztelokaleko pareta margoketa. Horrez gain, German Urteagaren hitzaldia ikastetxeetan.
· Apirilak 1. ‘eRRe’ aldarri bat bertsoz ikuskizuna, Herri Antzokian, 19:30ean.
· Apirilak 2. Albina Stardust eta Divina Comedia Show, Plaza Nagusian 20:00etan.
· Apirilak 7. Hitzaldia: Eder Iturralde eta German Urteaga, eta Popatik emanaldia.
· Apirilak 26. Borrokalari transgeneroak liburuaren aurkezpena, Fermintxo Zabaltza eta Josebe Iturriozen eskutik.
· Maiatzak 17. Homofobiaren nazioarteko eguna Ordiziako LGBTBI+ diagnostikoa abiatzeko mahai ingurua. Udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan.
· Ekainak 20. A la conquista del cuerpo equivocado hitzaldia, Miguel Misse-rekin, udaletxean, 18:00etan.
· Ekainak 28. Harrotasunaren eguna.