92 txirrindulari elkartu ditu gaurko ziklo kroseko teknifikazio saioak Ormaiztegin
Gizarte etxearen atzeko zelaian ziklo kroseko teknika ezberdinak ezagutzeko eta ikasteko aukera izan dute parte hartzaileek.

Benjamin, kimu eta haur kategoriatan eta federatu gabeko haur eta gazteen artean egin dute gaur arratsaldean ziklo kroseko teknifikazio saioa Ormaiztegin. Guztira, Gipuzkoa osoko 92 haur eta gazte elkartu dira Gizarte Etxeko zelaian inprobisatu duten ziklo kros zirkuituan. Benjamin kategorian 11 txirrindularik hartu dute parte, kimuenean, 27k, haurrenean 37k eta federatu gabekoen artean 17 izan dira parte hartzaileak. Asko izan dira, baita, saioa ikustera gerturatu direnak ere.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz eta Ormaiztegiko Txirrindularien Lagunak elkarteak antolatu dute gaurko saioa. Bertan parte hartu dutenek ziklo kroseko hainbat teknika ikasi eta sakontzeko aukera izan dute: bizikleta nola hartu bizkarrean, oztopoak nola gainditu, bihurguneak nola hartu, bizikleta nola kontrolatu…
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, bizikletako modalitate ezberdinetan sakontzeko saioak antolatzen ari dira lurraldeko txirrindulari eskola eta elkarte asko. Ziklo kroseko teknifikazioaz gain, mendiko bizikleta, trialsin eta pistako bizikletari buruzko saioak ere egingo dituzte, dagoeneko batzuk eginak daude, beste batzuk egiteke.