Sagarmendi eta Lizaso dira Gipuzkoako pilota egokituko buruz buruko txapelketako irabazleak
Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatu dira gaur finalak adimen urritasuna duten eta gurpildun aulkian mugitzen diren pilotarien artean.

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatuta, Gipuzkoako XII. euskal pilota egokituko txapelketako bosgarren jardunaldia jokatu da gaur goizean zehar Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Bosgarren jardunaldi honetan buruz buruko txapelketako finalak jokatu dira bi kategoriatan: adimen urritasuna duten pilotariena bat eta gurpildun aulkian mugitzen direnena, bestea.
Adimen urritasuna dutenen artean, Errenteriako Mindara elkarteko Eneko Sagarmendi mutrikuarra izan da irabazlea. Txapeldunorde egin du elkarte bereko Iraitz Huegun donostiarrak.
Gurpildun aulkidunen kategorian Usurbilgo Pagazpe elkarteko Beñat Lizaso irundarrarentzat izan da garaipena. Bigarren egin du, Mindara elkarteko Asier Nabaridas lesakarrak. Kategoria honetan, buruz buruko finaleko partidaz gain binakako txapelketako hainbat partida ere jokatu dira. Binakako txapelketako kanporaketak hasita daude, eta finala, datorren maiatzaren 14an jokatuko da Zumaian.
Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren izenean hitz egin du Mikel Merinok. Bere esanetan, txapelketa hauek desgaitasuna duten pertsonei kirola egiteko eta lehiaketatan parte hartzeko aukera eman nahi die. Txapelketak gizonezko zein emakumezkoei zuzenduta daude, eta kasu honetan, parte hartzaileen seiren bat neskak direla esan du Mirandak.