CAFek 200 milioitik gorako kontratua sinatu du Saudi Arabian
Kontratuak Saudiko operadorearen trenen flota mantentzeko jarduera eta haiei lotutako beste zerbitzu batzuk eta laguntza teknikoaren zerbitzua jasotzen ditu
CAFek iragarri du 200 milioitik gorako akordioa sinatu duela Saudi Arabiako SAR Estatuko tren-operadorearekin. Beasaingo multinazionalak iragarri duenez kontratuak Saudiko operadorearen trenen flota mantentzeko jarduera eta haiei lotutako beste zerbitzu batzuk eta laguntza teknikoaren zerbitzua jasotzen ditu.
CAFek azken urteetan SAR-entzat ekoitzitako unitateen mantentze-lanak bost urtez egitea jasotzen du, zehazki. Unitate horiek Riyadh hiriburuaren eta Al Qurayat hiriaren arteko linean eta Riyadh-Damman linean dabiltza. Herrialdearen iparraldea eta ekialdea hiriburuarekin lotzen dituzte, zehazki.
Engineering Excellence Centre izeneko saila sortzea ere adostu dute. Ingenieritza-eskola moduko bat izango da, SAReko langileak trebatzeko. Hala, saudiarabiarrek beraiek egin ahalko dituzte mantentze-lanak edota inguruko eskari berriak ekoitzi. Horrez gain, bertako unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin akordio estrategikoak adostuko dituzte ikerketa-lanak egiteko eta eskualdean trengintzarekin lotutako gaitasunak eta ezagutzak indartzeko.
Amaitzeko, kontratuak SARen Digital Hub Centre delakoaren ezarpena ere jasotzen du trenen digitalizazio esparruan golkoko eskualdean erreferentziazko zentroa izan dadin. Horren helburua izango da aipatutako flotetako trenetarako sistema eta tresna digitalak garatzea.