Leire Artola izango da 2023ko udal hauteskundeetako EAJren alkategaia
Artola "eskertuta" eta "gogotsu" agertu da. "Ondo dagoena mantentzeko eta hobetzekoak hobetzeko" proiektua eratuko dutela esan du
Leire Artola Ugalde izango da 2023ko udal hauteskundeetarako EAJren alkategaia. Artolak jelkideei proposamena egin izana eskertu die eta erronkari “gogotsu” helduko diola esan du gaur arratsaldean egindako agerpenean.
Beasaingo alkate jeltzaleak izan ditu gogoan, bereziki Joxean Imaz eta Juanito Lasa. Batzokian beraiengandik ikasitakoa baliagarria izango zaiola aipatu du, transmisioaren garrantzia nabarmenduz. Beasaingo EAJtako juntakideentzat eta militanteentzat ere esker oneko hitzak izan ditu. Politika talde-lana dela zehaztu du.
“Ondo dagoena mantentzeko eta hobetu beharrekoa hobetzeko” proiektua onduko dutela aurreratu du. Hobetzekoen artean ingurugiroa, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta euskararen erabilera aipatu ditu.
Aitor Aldasoro juntakideak Artola hautagai “ideala” dela esan du, “Beasaingo Udalean hamar urte baino gehiago daramatzalako”. Halere, izen bat baino gehiago proiektu bat egituratu behar dela esan du, eta “horretarako denbora behar denez”, ekitea erabaki dutela azaldu du. Beasaingo EAJtako zuzendaritzak alkategaia erabakitzeko prozesua urtarrilean hasi zuela gogoratu du; Artolari asmoak adierazi zizkiotenean eta honek baiezkoa eman zienean bere hautagaitza “aho batez” babestu zutela esan du.