"Markak ontzen jarraitu eta ahal dudan mailarik gorenean lehiatu nahiko nuke"
Malagan jokatu den 20 urtez azpiko Espainiako atletismo txapelketan lortutako urrezko dominarekin borobildu du pista estaliko denboraldia Iraia Mendia lazkaotarrak.
Asteburu honetan jokatu dira 20 urtez azpiko pista estaliko Espainiako txapelketak Antequeran (Malaga, Espainia). Bertan, Txindoki taldeko Iraia Mendiak urrezko domina lortu du 3.000 metroko lasterketan. 09:47.01eko denboran osatu zituen hamar kilometroak.
Urrezko domina lortu duzu atletismoko proba erregina den 3000 metroko lasterketan. Nola zaude?
Pista estaliko denboraldia borobiltzeko lorpen oso garrantzitsua da niretzat. Oso-oso pozik eta gustura sentitzen naiz!
Espero zenuen horrelakorik?
Duela hilabete norbaitek esan balit urrea lortuko nuela, ez nioke sinistuko. Dena den, aitortzen dut, partaideen zerrenda ikusi nuenean, domina lortzeko aukerak izan nitzakeela pentsatu nuela, eta neure burua ideia horrekin gehiegi estutu gabe, baina bai, domina bat lortzeko helbururekin joan nintzen txapelketara.
Helburua, beraz, lortu duzu. Zer moduz sentitu zinen lasterketan?
Oso sentsazio onak izan nituen hasiera-hasieratik, indartsu sentitu nintzen, eta azken metroak baino lehen, erritmo aldaketa egin ahal izan nuen, garaipena lortuz, beraz gustura alde horretatik ere.
Asteburuko esfortzua eta gero, nola zaude?
Neka-neka eginda. Nabari dut denboraldi amaiera dela; azken hilabeteetan, gogor egin dut lan hona iristeko. Aldi berean, esan beharra daukat, zorteko naizela, entrenatzailea etxean dudalako. Aita dut entrenatzailea, eta hori laguntza handia da niretzat, oso-oso ondo ulertzen gara eta elkarrekin lan egitea erraza da. Lan handia egiten du nigatik, eta uste dut, nik ere ongi erantzuten dudala.
Domina hau, talde lanaren emaitza izan da beraz…
Hori da! Askok uste dute atletismoa bakarkako kirola dela, baina ematen duena baino gutxiago dela esango nuke nik.
Esan bezala domina honekin pista estaliko denboraldiari amaiera bikaina eman diozu, eta orain, non duzu jarrita burua? Edo garaiz da horri erantzuteko?
Aire libreko denboraldia hastear dago, eta hor ere nahiko nuke Espainiako txapelketan orain arteko mailari erakustea. Markak ontzen jarraitu eta ahal dudan mailarik gorenean lehiatu nahiko nuke.