Beasainen Ukrainarako oinarrizko materiala jasotzeko hainbat puntu jarri dituzte
Beasain Kirol Elkartea Loinatz futbol zelaian ari da materiala jasotzen. Beasain-Ukraina taldeak Kale Nagusiko 13.nean jasoko ditu, ostegunean eta ostiralean. Andramendi Ikastolako lotea, bidean da
Beasaindik Ukrainara oinarrizko produktuak bidaltzeko bilketa egiten ari dira. Beasain Kirol Elkarteak, esaterako, Loinatz udal futbol zelaian hainbat palet egokitu dituzte nahi duenak dohaintzak egiteko. Aste barruan 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean izango dira eta asteburuetan, partidu orduetan. Apirilaren 8ra arte egingo dute bilketa, baina gehiago beharko epeak luzatuko dituztela aipatu dute.
Kirol elkarteko boluntarioek adierazi dute “futbol klub batek oinarrian izan behar dituen solidaritate, elkartasun eta elkar lanaren balioak uztartuz, gerraren ondorio latzak jasaten ari den Ukrainar herriari laguntzeko” mobilizatu direla. Ekarpenik egin dutenei eskerrak eman dizkie eta gainerakoak egitera animatu dituzte. Beasaingo Udalaren eta Beasain-Ukraina taldearen laguntza ere eskertu dute.
Beasain-Ukraina taldeak beste bilketa-gune bat ere jarriko du. Kale Nagusiko 13. zenbakian izango dira ostegunean eta ostiralean, San Martin plazako aldapan. 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00tara egongo da lokala zabalik.
Osasun, higiene, berotzeko... materialez eta iraungitzen ez diren jakiez gain, lanerako jendea ere eskatu du Beasain-Ukraina taldeak. Jendea beharko da Kale Nagusiko lokalean egoteko, bildutakoa Beasaingo Udalak utzitako Salbatoreko pabiloira eramateko eta, bertan, jasotakoa antolatzeko. Parte hartzea nahi dutenek beasainukrania@gmail.com helbidera idatzi edo 678 34 16 10 telefonora deitu behar dute.
Andramendikoa, bidean
Beasaingo Andramendi Ikastolako ikasleek, langileek eta gurasoek aurreko egunetan egin dute bilketa. 70 kutxa goraino beteta bidali dituzte.