Beasainek 'walking football' taldea izango du
'Walking football' edo oinezko futbola ohiko futbola bezalakoa da, baina mantsoago jokatzen da, adineko jendearentzat egokiagoa izan dadin
Beasainen ‘walking football’ edo oinezko futbol taldea sortuko dute. Futbol tradizionalean bezala jokatzen da, baino mantsoago, arautegiak korrika egitea debekatu egiten duelako. Gainera, baloia ezin da burua baino gorago altxa eta kontaktuak debekatuta daude. Hala, adineko jendearentzat aproposagoa da.
Izen ematea zabalik dago, online eta Antzizar kiroldegian. Baldintza bakarra dago, 55 urtetik gora izatea. Lehen saioa martxoaren 25ean egingo dute, 11:00etatik 12:30era, Loinatz udal futbol zelaian. Ostiralero elkartuko dira.
Real Sociedad fundazioaren ekimena da eta Beasaingo Udalak bat egin du Beasain Kirol Elkartearen laguntzarekin. Udaletik adierazi dute egitasmo honi esker berrogeita hamabost urtetik gorako pertsonen artean “bizimodu aktibo eta osasungarria” sustatuko dela. “Horretaz gain, proiektu honen bidez kolektibo horretako pertsonek jarduera fisikoa egiten duten bitartean harremanak sozialak sustatu ahal izateko espazio bat sortu nahi da”.
Udalak gogorarazi du zahartze aktiboa bultzatzeko eta bizimodu autonomoa luzatzeko beste hainbat ekimen martxan dituela, hala nola, Ondo Ibili Ondo Izan, Beasain Lagunkoia, erretiratuen elkartean burutzen diren ekintzak, Goiz Alzheimer, Goiz Zaindu, Neurobai eta Antzizar kiroldegiak Beasaingo Osasun Etxearekin elkarlanean antolatzen dituen ikastaroak.
Egitasmoak Adinberriren, Donostia Lagunkoiaren, Matia Fundazioaren, Adinkideren eta Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartearen babesa ere badauka.