Beasaingo Udaltzaingoak trafiko kanpainei berrekin die
Segurtasun uhalaren eta haurrentzako segurtasun-gailuen erabileran jarriko dute arreta aste honetan. Herriko puntu ezberdinetan kontrolak egingo dituzte
Beasaingo Udaltzaingoak trafiko ekintzen kanpainak berreskuratu ditu, pandemiaren ondotik. Ertzaintzarekin elkarlanean, trafikoari dagozkion neurriak betetzen direla baieztatzea da asmoa.
2022an antolatutako trafiko ekintzen artean lehendabizikoa segurtasun uhalari eta umeen segurtasun-gailuei dagokiena izango da. Aste osoan zehar herriko puntu ezberdinetan kontrolak jarriko dituzte, udalerri barruan ere segurtasun-gailuak behar den moduan erabiltzen diren jakiteko. Beasaingo Udaletik ibilgailuen gidari eta bidaiariei gogorarazi die “herri barruan ere segurtasun uhala eta umeen segurtasun-gailuaren erabilerak, derrigorrezkoak direla”.
Udaltzainek adierazi dute gidarien gehiengoak arauak errespetatzen dituela. Dena dela, kontrolak defendatu dituzte, gidariak ez daitezen erlaxatu.
Ugartemendin, pilaketak
Beasaingo Udaltzainek egun beteak dituzte trafikoari dagokionean, Ugartemendi inguruan ibilgailuen joan-etorria koordinatzea dagokielako. Ugartemendiko bidegurutzeko lanek behartuta Txintxurreta parean errail bat moztuta dago eta ibilgailuak txandaka igarotzen dira. Bertan trafikoa astuna izan ohi denez, egun hauetan are astunagoa da. Bereziki, Txindoki institutuko ikasleen eta inguruko lantegietako langileen sarrera-irteera orduetan.