Bertako eta garaiko produktuen aldeko apustua
Indarrak batuz itzuliko dira '12 hilabete, 12 produktu' eta Azokako Pintxoa ekimenak. Aste honetako azokan, Martinez Jatetxeko sukaldaria arduratuko da hilabeteko produktua den Tuterako orburuarekin pintxoa egiteaz.
Bertako produktuak eta garaian garaikoa kontsumitzea sustatzeko helburuarekin jarri zuten martxan 12 hilabete 12 produktu ekimena, Ordizian. Helburu bertsuekin jarri zuten martxan Azokako Pintxoa ekimena ere. Bigarren honek, tokiko ostalaritza establezimenduetan produktu horien presentzia bermatzea eta sustatzea ere batzen zituen. Bi ekimenak berreskuratuko dituzte Ordiziako Udalak, Azokak eta ekimenean parte hartzera animatu diren ostalaritza establezimenduak elkarlanean. Hala, bihar, Martinez jatetxeko sukaldariak, Tuterako orburuekin egingo du pintxoa, eta 11:00etatik aurrera, azokara gerturatzen direnek dastatzeko aukera izango dute. Goizean bakarrik ez, arratsaldeko pintxo-potean ere izango da Azokako Pintxoa dastatzeko aukera.
Salmenta eta informazio postua
Bi ekimenen itzulera, modu berrituan egingo dute; izan ere, indarrak batuko dituzte. Hala datozen hilabeteetan, zenbait asteazkenetan -bihartik hasita-, Azokako Pintxoa egin eta banatzeaz gain, aukeratutako bertako eta garaiko produktu horri eskainitako postua ipiniko dute Plaza Nagusian. Postuan bertan produktua erosteko aukera egongo da, eta gainera, dituen ezaugarrien eta berezitasunen inguruko informazioa ere luzatuko dute. Postu berezi honetan erosketa egiten dutenek, azokako produktuez osatutako lote eder baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.