Elena Calvillok hirugarren egin du Andaluziako ultra trailean
168 kilometro gutxi balira, hamasei gehiago egin zituen, 55. kilometroan bidea gaizki hartu eta bi ordu baino gehiago galduta egin zituelako. Halere, indarrez «txukun» eta «oso gustura» amaitu zuen.
Elena Calvillok hirugarren amaitu zuen Andaluziako Sierras del bandolero ultra trailean, Cadizen (Espainia), aurreko asteburuan. 168 kilometro gutxi balira, hamasei gehiago egin zituen, 55. kilometroan bidea gaizki hartu eta bi ordu baino gehiago galduta egin zituelako. Halere, indarrez «txukun» eta «oso gustura» amaitu zuen.
Horri eman dio garrantzia korrikalari beasaindarrak, postuari baino. Ehunmilak dira Calvilloren aurtengo helburua eta ultra distantzian bere burua probatu nahi zuen pandemiak eragindako bi urteko barealdiaren ostean. 30 orduren azpitik egin nahi du etxeko proba.
Andaluzian 28:03:18tan gelditu zuen kronometroa. Irabazleak baino ordubete eta 20 minutu gehiago behar izan zituen. Horregatik, «amorru apur bat» duela dio, irabazteko aukerak izan bazituelako. Are gehiago, galdu zenean lehen postuan zihoan. «Gertatzen diren gauza dira», esanez kendu dio garrantzia. Gainera, azken ehun kilometroak bakarrik egin zituen, bere bi taldekideek erretiroa hartu behar izan zutelako.
Lehiaketa gutxiago
Calvillok atseden hartuko du martxoan. Gero zein probatan lehiatuko den ez du argi, baina «gutxi» izango direla argi du. «Pandemia aurretik asko lehiatzen nuen, eta apur bat saturatuta amaitu nuen», dio. Inguruko probak hobetsiko ditu Ehunmilak prestatzeko.