Etxez etxeko laguntzako langileek baldintzak hobetzeko eskatu dute
Zerbitzua Gizatzen enpresari esleitu zitzaionetik, lan baldintzek okerrera egin dutela salatu dute. 2021ean soldata izoztu zieten eta hurrengo hiru urteetan %0,8 igoko da
Zumarragako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak lan baldintzez eta soldatez kexu dira eta mobilizazioak hasi dituzte. Joan zen astean kontzentrazioa egin zuten udaletxe azpian. Zumarragako etxez etxeko laguntza zerbitzuan 24 emakumek lan egiten dutenez, delegatu bakarra dute. CCOO sindikatukoa da.
Hala, kontzentrazioa CCOOk deitu zuen. 2020an zerbitzua Gizatzen enpresari esleitu zitzaionetik lan baldintzak okertu egin direla salatu zuten. «Lan hitzarmenari buruz hitz egin nahi dugu eta enpresak ez duela hitzarmenik negoziatuko erantzun digu. 2021ean soldata izoztu egin digute, 2022, 2023 eta 2024an %0,8 bakarrik igoko da eta 2025ean izoztu egingo digute. Onartezina da, 2021ean KPIa %6,4 igo baita».
Carmen Sanchez CCOOko Gipuzkoako arduradunak, Mari Carmen Etxaniz delegatuak, Lurdes Arsuagak eta Ana Cuadradok bizi duten egoeraren berri eman diote Goierriko Hitzari. Langile guztiak Urretxukoak eta Zumarragakoak dira. Mendekotasun arazoak dituzten adin guztietako pertsonei eta beraien familiei egunerokoa errazten diete. Bi zerbitzu eskaintzen dituzte: pertsonala eta domestikoa.
Pertsonalaren barnean, ohetik altxatzea, dutxatzea, botikak ematea, erosketak eta bazkaria egitea… sartzen da. Lan domestikoei dagokienez, etxea txukuntzen diete.
Pandemian beraien lana funtsezkotzat jo zen, baina langileen esanetan, beraien lan baldintzak eta soldata ez dira funtsezko zerbitzu bati dagozkionak. «Egun, gutako inork ez du lanaldi osoa. Askok sekula ez dugu lanaldi osorik izan. Eta izan dugunok, epe labur batean izan da. Izan ere, ez dago nahikoa lan ordu guztiok lanaldi osora egoteko. Gainera, bat-batean guk zaintzen dugun pertsona adinekoen egoitza batera joatea edo hiltzea gerta daiteke. Gorabehera handiak ditugu. Inoiz ez dakigu hurrengo hilabetean zenbat kobratuko dugun. Hilabete batean 40 ordu lan egin dezakegu eta hurrengoan 100. Egun, ordu kopuru txukuna badugu, lankide batzuk bajan daudelako da. Tristea da, baina hala da».
Oreka handiagoa
Udalak langileek ahalik eta lan ordu gehien edukitzea bultzatu beharko lukeela diote. «Zerbitzua udalak eskaintzen du, baina enpresa pribatu bat azpikontratatu du. Gizatzen, OHL multinazionalaren filiala da. Ordu banaketa askoz ere hobeto erregulatu daiteke. Donostiako etxez etxeko zerbitzuak 400 langile ditu eta ordu banaketa askoz ere orekatuagoa du. Zumarragako etxez etxeko laguntza zerbitzuaren apustua egin behar da. Udalak enpresarekin hitz egiten ari dela esan digu, baina ez dugu hobekuntzarik nabaritu».
Oso zerbitzu garrantzitsua eskaintzen dutela gogoratu dute. «Denetik egin beharra dugu. Laguntza fisikoa eta psikologikoa eskaintzen dugu. Lan gogorra da, baina esker onekoa. Erabiltzaileak eta beraien senitartekoak, ia beti, oso esker onekoak dira. Politikariek mendekotasuna dutenak beraien etxean bizitzea komeni dela esaten dute, emakumeok lan baldintza kaskarrak ditugula salatzen dute… Egin dezatela etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren aldeko apustua! Egun, familia bakoitzak bi orduko laguntza bakarrik jaso dezake eta gu lan gehiago egiteko prest gaude. Baina erabiltzaile batzuei ordu kopurua murriztu diete, beste batzuei prezioa igo diete eta ondorioz zerbitzuari uko egin diote…».