Hiru ikuskari jarrita osatuko du Amalur taldeak Lazkaon Mendi Astea
'Pamir, harria eta izotza' dokumentala emango dute gaur; ostegunean 'Jotunn' eta ostiralean 'Mendiak 1976' lana. Arerian dira saio guztiak.
Amalur mendi elkarteak III. Mendi Astea antolatu du. Hiru ikus-entzunezkoren emanaldiak izango dira, aste honetan, eta mendizale egileekin solasaldia egiteko aukera ere eskainiko dute, bertan izango baitira. Emanaldi guztiak Areria antzokian dira, 19:15ean hasita. Sarrera doan da.
Aurreneko ikuskaria gaur emango dute, Ekaitz Maizen Pamir, harria eta izotza. Legazpiar jatorriko eskalatzaile nafarra iazko uztailean eta abuztuan izan zen Pamir mendilerroan. Lehenbizi, eskalada egin zuten talde handi batean. Ondoren, Joseba Iztueta eta Joseba Eskudero mendigoizale goierritarrekin batera, estreinazkoz zazpimilako bi menditan espedizioa egin zuen Maizek.
Ostegunean, Mikel Sarasolaren Jotunn dokumentala emango dute (25 minutu). Islandian hartutako irudiekin osatu du donostiarrak Islandiako errekak eta ibaiak kayakarekin jaitsi zituen, Aleix Salvat, David Nogales eta Aniol Serrasolses lagun hartuta; natura bizia eta ur jauzi ikusgarriak ageri dira.
‘Mendiak 1976’ ostiralean
Mendi Astea bukatzeko, ostiralerako Mendiak 1976 dokumentalaren emanaldia iragarri du Amalurrek. 90 minutuko lan horretan, 1976an Iruinerriko gazte batzuek Shakhaur mendia (7.116m) igo zutenekoa jaso du LuisArrietak. Euskal mendizaletasunaren lehen zazpimiliakoa.