Ondarea lantzeko haurren erakusketa
San Andres eskolako ikasleen erakusketa ostiralera arte egongo da ikusgai Zumalakarregi Museoan.
Ondarea lantzeko San Andres eskolako 10 urteko haurren erakusketa ireki du Zumalakarregi Museoak. Eskolak eta museoak antolatutako ‘Ondare’ tailerraren emaitza da eta ostiralera arte egongo da ikusgai aldi baterako erakusketa gelan. Ikasleei ondarea zer den azaltzea eta ondarea babestearen garrantzia gerturatzea da erakusketa-tailerraren helburua. San Andres eskolako bosgarren mailako ikasleekin lan egin du museoak ondare kulturala lantzeko.
Ikasleek aukeratu dituzte piezak. Aiton amonen ezkontza argazkia, birramonaren kafe-errota, familiako lau belaunaldietako emakumeek erabilitako tokilla edota osabak oparitutako xake taula topa ditzakegu bertan. “Ikasleen inplikazioa oso altua izan da, proiektuaren amaieran erakusketa bat egingo dela jakitea motibazio handi bat baita gaia lantzerakoan” azaldu du Eider Arruti Zumalakarregi Museoko hezkuntza arduradun eta tailerraren koordinatzaileak. Pieza bat musealizatzeko prozesua ezagutu dute ekimenaren bidez.
‘Ondareari begira’
Aurreko ostiralean, berriz, ‘Ondareari begira’ argazki erakusketa ireki zuen Zumalakarregi Museoak. K6 Gestión Culturalek eta Museum Cemento Rezolak antolatutako argazki lehiaketako 21 argazki daude ikusgai. Lehiaketaren zazpi edizioetan landu diren ondare motak ikus daitezke: ondare immateriala, meatzaritza, berrerabilitako ondarea, industria ondarea, Euskal Herriko kultura ondare naturala, industri ondarea, itsas ondarea eta utzitako ondarea. Ekainaren 12ra arte egongo da ikusgai.